Lan gatazkak

ELA: «Kaleratzeak onartezinak dira mila milioiren irabaziak dituzten enpresetan»

Tubacex, ITP eta Aernnova enpresek iragarritako kaleratzeak ikusirik, ELAk adierazi du Jaurlaritzaren lidergoa «premiazkoa» dela industria eredu baterako trantsizioa egin ahal izateko, «inbertsio publikoaren bidez eta lantaldeen etorkizuna bermatuz».

Iñaki Lopez Gandasegi Aernnovako presidentea eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
2020ko uztailaren 29a
12:57
Entzun

ELAk gogor salatu ditu Tubacex, ITP eta Aernnova enpresek astebetean langileak kaleratzeko hartu dituzten erabakiak, «hiru enpresa estrategiko izanda». Enpresa horiek Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan sortu direla gogoratu du sindikatuak, baina uste du «multinazional arrunten funtzionamendu eredua» aplikatzen dutela. Halaber, Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak kaleratze horien testuinguruan egindako adierazpenak salatu ditu; ELAk adierazi du «eskaera zinikoa» dela esatea soldata murrizketak enpleguari eusteko baliabide bat direla.

Izan ere, Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatuak argi esan du hiru enpresa horiek «izugarrizko irabaziak» eduki dituztela azken urteotan: «2009tik, Tubacexek, ITPk eta Aernnovak 1.027,4 milioi euro irabazi dituzte. Enpresa horiek arrakasta handia lortu zuten koronabirusaren krisia hasi baino lehen, eta, beraz, onartezina da hainbesteko etekinaren ondoren lantaldeei egungo egoera gainditzeko ahalegin guztia eskatzea».

Era berean, ELAk gogorarazi du Itzarri BGAEa Tubacexen %3,21aren jabe dela, eta salatu du parte hartze txiki horiek direla, hain zuzen, gizarteak enpresa horiekiko duen «kontrol ahalmen bakarra». Sindikatuak uste du azaleratu egin dela enpresa handi horiek «errotze eskasa» dutela Euskal Herrian.

Adierazpen zinikoak

Horiek horrela, «zinikotzat» jo du Tapia sailburuak enpleguari eusteko mahairatu duen formula, soldatak jaitsiz. «Egungo lan baldintzekin, enpresa horiek dirua irabazten aritu dira, eta soldatak murriztuta ez da kaleratzerik saihestuko; izan ere, ekoizpen maila murriztuta dagoen bitartean, langileen kopurua beti egongo da zalantzan». Horregatik, ELAk dio erabaki horrekin lortuko litzatekeen gauza bakarra litzatekeela enpresa horiek diru gehiago irabaztea etorkizunean, «ez beste ezer». Tubacexen, ITPn eta Aernnovan, lan kostuak enpresen kostu osoaren %25 baino gutxiago direla helarazi du ELAk.

Horregatik, guztiagatik, ELAk argi dauka Tapiaren hautuak langileen bizkar jarri nahi duela presio guztia. «Merkaturik gabe, inbertsiorik gabe edo eraldaketa industrialik gabe, enpresen zuzendaritzei esatea irtenbidea soldaten jaitsieratik etorriko dela, arduragabekeria da». Beraz, sindikatuak errefusatu egin ditu kaleratze kolektibo horiek, eta uste du «Jaurlaritzak beste jarrera bat hartzen ez badu» beste batzuk ere etor daitezkeela. «Gure herriak industria politika berritzailea behar du gizartearen beharrei, genero berdintasunari eta naturaren aukerei erantzungo dien industria ereduranzko trantsizioa egiteko».

Gauzak horrela, ELAk Jaurlaritzari egindako proposamena berretsi du: 2.300 milioi euroko funts bat eratzea enpresa estrategikoak kontrolatzeko edo inbertsio publikoaren bidez industria enpresa berritzaileak abian jartzeko. «Inbertsio horiek gizartearen, naturaren eta langileen beharrei erantzun behar diete». Gainera, erregulazioko espedienteak osatzeko sistema bat ezarri nahi du ELAk, sozietateen gaineko zergaren bidez finantzatuak.

ELAk adierazi du beharrezkoa dela «politika arduratsua» egitea, eta gaineratu du hitz egiteko prest dagoela helburu hori betetzeko, baina argi duela, halaber, «langileei konponbide zuzena ematen ez zaien bitartean» mobilizazioa sustatuko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.