Zinema

Euskarazko bi film lehiatuko dira Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean

David Perez zuzendariaren Ane eta Imanol Rayoren Hil kanpaiak proiektatuko dituzte jaialdian. Marina Palacio eta Laida Lertxundi euskal zinemagileen lanak ere programatuko dituzte, eta Euskal Herrian kokatutako Akelarre filma eta Patria telesaila ere emango dituzte Sail Ofizialean.

Imanol Rayok zuzendutako 'Hil kanpaiak' filmeko fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Inigo Astiz
2020ko uztailaren 30a
12:10
Entzun

Ez da jaialdiko sail nagusia, baina bai nagusietako bat, eta lehiaketaren parte ere bada. Beren lehen edo bigarren pelikula luzea filmatu duten zinemagileen filmek osatzen dute Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak atala, eta euskarazko bi film ikusi ahalko dira aurten. David Perez bilbotarraren Ane izango da bi pelikula horietako lehena, eta Imanol Rayo arbizuarraren Hil kanpaiak izango da bestea. Euskal Herriko beste bi zuzendariren lanak ere programatuko dituzte, gainera. Zabaltegi-Tabakalera sailean emanoo dituzte Marina Palacio donostiarraren Ya no duermo eta Laida Lertxundi bilbotarrak sortutako Autoficción film laburrak. Irailaren 18tik 26ra egingo dute festibala aurten, eta, ohitura duenez, antolakuntza urratsez urrats doa programazioaren berri ematen.

Bernardo Atxaga idazlearen Bi anai eleberriaren moldaketarekin egin zuen 2011n estreinaldia Rayok (Arbizu, Nafarroa, 1984), eta Zinemira saria eskuratu zuen hari esker Zinemaldian bertan. Miren Gorrotxategi idazlearen 33 ezkil eleberria hartu du oraingoan oinarritzat, eta Hil kanpaiak izendatu du haren zinemarako moldaketa. Besteak beste, Itziar Ituño, Eneko Sagardoi eta Kandido Uranga aktoreak zuzendu ditu, kasu honetan, eta Garizmedi baserrian agertutako hezurrek berpiztuko dituzten iraganeko zauriak ditu ardatz istorioak.

Alaba baten desagerpena

Orain arte film laburrak egin ditu, nagusiki, David Perez Sañudok (Bilbo, 1987), eta mundu osoko jaialdiak ezagutu ditu haiei esker. Esaterako, Aprieta pero raramente ahoga film laburra aurkeztu zuen Zinemira-Kimuak sailean 2017an, eta euskaraz filmatu du orain bere lehen film luzea: Ane. Desagertutako alaba baten bilaketa kontatzen du istorioak. Egun batez Ane ez da etxera agertuko gosaltzera, eta haren bila abiatu beharko du Lide izeneko amak. Abiadura Handiko Trena zaintzen egiten du lan amak, eta, desagerpenaren harira, ezezagun zitzaion alabaren aktibismoa deskubrituko du. Izan ere, familia barruko komunikazioari eta komunikazio faltari buruzkoa ere bada filma. Besteak beste, Patricia Lopez Arnaizek, Jone Laspiurrek, Mikel Losadak eta Nagore Aranburuk osatu dute aktore taldea.

Akelarre eta Patria

Horiez gainera, Euskal Herrian kokatutako filmek ere izango dute beren lekua Zinemaldian. Sail Ofizialean ikusi ahalko da, esaterako, Pablo Aguerok zuzendutako Akelarre filma. Argentinarraren bosgarren lan luzea da, eta Euskal Herrian filmatu du, euskara eta gaztelera tartekatuz. XVII. mendean kokatutako drama historiko bat da, eta sorginkeriarekin zerikusia duen prozesu judizial bat du oinarri. Lehia nagusiaren parte izango da lana, eta bertan proiektatuko dituzten beste bi filmen berri ere eman dute antolatzaileek. Antonio Mendez zuzendari espainiarraren Courtroom 3H fikzioz besteko lan luzea ere lehiatuko da sail horretan, eta, lehiaz kanpo, berriz, Rodrigo Sorogoyen zuzendariaren Antidisturbios fikziozko lana ere emango dute.

Sail Ofizialak Patria telesailaren emanaldi berezia ere izango du, bestalde. Aitor Gabilondok HBO Europerentzat sortutako zortzi ataleko telesaila da, Fernando Arambururen eleberrian oinarritutakoa. Euskal Herriko historiaren hiru hamarkada jorratzen ditu, indarkeriak banatutako bi familiaren ikuspegitik, eta euskal aktore sorta batek hartu du parte hura filmatzen.

Cavestany eta Alberdi

Zuzendari Berriak sailean emango dute Isabel Lamberti (Buhl, Alemania, 1987) zuzendariaren La última primavera, eta Zabaltegi-Tabakaleran proiektatuko dute Juan Cavestany madrildarraren Un efecto óptico. Azken sail horretan proiektatuko dituzten hiru film laburren berri ere eman dute Zinemaldiko antolatzaileek. Carla Simon kataluniarraren eta Dominga Sotomayor galiziarraren arteko hartu-emana kontatzen duen Correspondencia izango da haietako bat, eta Marina Palacioren Ya no duermo eta Laida Lertxundiren Autoficción dira beste biak.

Perlak sailean, Maite Alberdiren (Santiago, 1983) El agente topo izango da ikusgai, zahar etxe batean espioi infiltratzen den 83 urteko alargun bati buruzkoa, eta, azkenik, Warner Espainiak eta Donostia Zinemaldiak El verano que vivimos filmaren ongintzazko emanaldia eskainiko dute. Carlos Sedes galiziarrak (A Coruña, 1973) zuzendu du pelikula eta Blanca Suarez, Javier Rey eta Pablo Molinero protagonista dituen drama erromantikoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.