Manex Torrealdai Gorriti.
IRITZIA

Ez adiorik, aita

2020ko abuztuaren 1a
01:21
Entzun

Kaixo, aita. Goizeko bostak dira, orri txuri bat dut aurrean, eta milioika ideia buruan bueltaka. Zuk oso ondo ezagutzen duzun sentsazioa da hau.

Ni, berriz, zu niretzat zaren guztia orrialde honetan laburbildu nahian nabil, idazteko abilezia gutxiz eta malkoei ezin eutsiz.

Esan izan didate, nolako zura, halako ezpala esaerari helduz, nola den posible idazlearen semeari ez gustatzea idaztea edo irakurtzea... eta horrela da, bai. Baina orain, gure bizitzako memento zailenetako batean, hemen nago, boligrafoa eskuan, zu hainbestetan egon zaren moduan.

Maite zaitugu, aita, joan zaitez harro. Aita izeneko mendi honetan gailurrera iritsi zara.

Badira urte batzuk, gaitza dela eta, ezin izan dugula mendira joan, ezin izan dugula gailurra konpartitu, baina jakin ez dela mendirik egon eta ez dela egongo zutaz gogoratuko ez naizenik. Asko irakatsi didazu mendiaz, zure bizitzaren parte zen mendia, eta niri afizio hori maitatzen irakatsi didazu. Gogoan duzu Andatzara ilunpean joan eta ardi batzuen begiek eman ziguten sustoa? Ez dut inoiz ahaztuko.

Ez dut ahaztuko Ezina dena Ekinez Egin daitekeenik edo aldapa handiak pauso txikiak eta asko emanez jaisten direnik ere. Gailurraren satisfazioa lortzeko lan egiten irakatsi didazu; mendiko lezioak ikasten nenbilelakoan, bizitzan ibiltzen ikasi dut. Mila esker, aita.

Badakizu, hala ere, mendi guztiak ez direla xamurrak izan; azaldu dira otsoak ere. Baina borrokatu gara, beti borrokatu gara, zuk esaten zenidan bezala, «Torrealdai batek ez du inoiz amore ematen», eta erakutsi diguzu ongi ezetz!

Eta, malko hauei eutsiz, orriaren amaierara iristen ari naiz, orria amaitzean azken urteetako maratoi honen amaierara iritsiko garen beldur eta penaz. Zoritxarrez, behin baino gehiagotan pentsatu dut amaieraz, badakigu inoizko lasterketa gogorrena egiten zabiltzala eta deskantsatu beharra ere baduzula. Baina ez dut nahi zu joatea, ez dut nahi hau izatea zuzenduko didazun azken testua, ez dut agurtu nahi.

Ez dut, Imanolek dioen bezala, zu hiltzen zaren gauean lo lasai egingo, ez. Baina etorriko dira egunak lasai lo egingo dugunak eta bizitzari kantatuz mundua dantzan jarriko dugunak, zuk eman baitizkiguzu mila motibo kantatzeko alai.

Harro egon, aita, oso harro egon, ezpal honek badaki-eta zer-nolako zura izan behar duen.

Maite zaitut.

JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020]
Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.