Lan gatazka

Siemens Gamesa eta langileak ados jarri dira Agoizko lantegia ixteko akordioan

Atzo egun osoa jardun zuten negoziatzen, eta azken orduan itxi zuten ituna; gaur goizean berretsi dute langileek, batzarrean. Aurrez erretiratzeko planak ezartzea eta lanpostu berriak aurkitzea erabaki dute.

Asteartean, Iruñea erdiguneko errepidea moztu zuten SIemens Gamesako langileek. VILLAR LOPEZ / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko abuztuaren 8a
15:33
Entzun

Amaitu da Agoizko (Nafarroa) Siemens Gamesako lan gatazka. Azkenean berearekin irtengo da enpresa: lantegia itxiko du, eta ez dute han lan gehiago egingo hango 238 langileek, baina, gutxienez, akordio bat erdietsi dute kaleratzeak horren traumatikoak izan ez daitezen.

Atzo amaitzen zen langileen kontratuak bertan behera uzteko erregulazio espedientearen kontsulta epea, eta, goizetik, langile batzordeko ordezkariak sindikatuekin bildu ziren. 10:30ean hasi zen bilera, eta gaueko azken ordura arte ez zuten itxi akordioa. Langileek gaur berretsi dute adostutakoa, goizean egin duten batzar batean: espedienteak aldeko 148 boto izan ditu, aurkako 37, eta bi boto zuri.

Kaleratzeak abuztuaren 25aren eta irailaren 30aren artean egingo ditu enpresak. Akordioan adostu dutena da zer gertatuko den aurrerantzean langileekin. 54 urte baino gutxiago dituzten langileek lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko ordainsaria jasoko dute, gutxienez 30.000 eurokoa.

55 urte edo gehiago dituzten beharginek, berriz, erretiroa aurrez hartzeko planak izango dituzte: 55 eta 60 urte artean dituztenei langabeziagatik jasotzen dutena osatuko die enpresak, soldataren %70 eta %80 artean jaso dezaten 63 urte bete arte, eta 61 urtetik gorakoek ere lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko ordainsaria jasoko dute, gehienez ere 24 hilabetez.

Ez dute hori soilik adostu. Siemens Gamesak konpainiako beste lanposturen batean enplegua emango die Agoizko 88 langileri, eta gainontzekoei lana bilatzeko kanpoko enpresa bat ere kontratatu du, beharginei beste lan bat aurki diezaien inguruko enpresetan.

Enpresa, pozik

ELA sindikatuak akordioa ez sinatzea defendatu du, eta «Siemens Gamesaren jarrera krudel eta ankerra» salatu. Dena den, eta bozketaren emaitzarekin bat ez egin arren, sindikatuak ulertu du langileek presioa eta xantaiak jasan dituztela, eta balioa eman dio azken asteetan egin duten borrokari.

ELAk konpainia eta Nafarroako Gobernua kritikatu ditu: Siemens Gamesa, azken urteetan milioika euro irabazi arren lantegia ixteagatik; eta gobernua, itxiera ez den beste aukeraren bat aurkitzeko erakutsi duen ezintasunagatik, are gehiago kontuan izanda diru publikotik milioika euro jaso dituztenetako bat izan dela  itxiko duten enpresa.

Siemens Gamesa, berriz, pozik agertu da akordioarekin. Arduradunek azaldu dute kaleratzeen eragina apalduko duela horrek, nahiz eta aitortu duten badakitela kaleratzeek kalteak eragingo dizkietela beharginei. Beste behin errepikatu dute saihetsezina dela itxiera: «Agoizko fabrikaren itxiera ezinbestekoa da gure konpainiaren etorkizuna bermatzeko, eta munduan ditugun 25.000 langileen ongizatea bermatzeko; tartean, Nafarroan ditugun 1.500ena».

Iragarritako itxiera

Siemens Gamesak uztailaren 1ean eman zuen Agoizko lantegia ixteko asmoaren berri. Hasieratik erabakiaren aurkako jarrera erakutsi zuten langileek, sindikatuek eta Nafarroako Gobernuak, eta lantegia ixteko nahikoa arrazoi ez zeudela argudiatu zuten. Jarrera hori defendatzen jarraitzen dute beharginek —hainbat mobilizazio egin dituzte—, eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak ere atzo argi esan zuen: «Agoizko lantegia ixtea deslokalizazio bat da».

Enpresak ez duela negoziatu nahi izan gehitu zuen Txibitek, eta gaur gauza bera esan du LAB sindikatuak: «Horrelako enpresa bat opor garaian eta aste gutxiko tartearekin ixteak enpresaren borondate txarra erakusten du; ez du inolako borondaterik izan» bestelako aukerak bilatzeko.

Nafarroako Gobernuari, berriz, esan dio ez dela nahikoa Siemens Gamesari bi milioi euro eskatzea: «Zenbat diru publiko oparitu diozue Gamesari azken urteotan? Bi milioi baino askoz gehiago».

Nazioarteko konpainiaren arabera, ez zuen lantegia itxi beste aukerarik; fabrikak kostu handiak zituela dio, eta geografikoki ez dagoela ondo kokatuta. Siemens Gamesak 805 milioi euroren galerak izan ditu urritik, eta berregituratze prozesu batean murgilduta dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.