Libano

Libanoko Atzerri Ministerioa hartu dute manifestariek

Parlamentuan sartzen ahalegindu dira lehenik, baina militarrek aurre egin diete, eta ehundik gora lagun zauritu dituzte. Hauteskundeak aurreratzea proposatu du lehen ministroak.

Manifestariak Beiruten. NABIL MOUNZER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 8a
18:43
Entzun

Arratsalde hasierarako deituta zegoen manifestaziora, eta milaka izan dira deialdiari erantzun diotenak. Libanoko krisi ekonomikoak eta joan den asteartean hiriburuan izandako leherketak herritarrak sumindu ditu. Haietako askok euren bizibidea galdu dute eztandaren ondorioz, eta beste milaka etxerik gabe geratu dira.

Elite politikoaren aurkako oihuak eta gobernuaren aurkako dimisio eskaerak izan dira nagusi Beirut hiriburuan. Leherketa izan eta bi egunera, larrialdi egoera ezari zuen Michel Aoun presidentearen gobernuak hiriburuan, eta militarren esku utzi zuen hiriko segurtasuna. Baina horrek ez ditu geldiarazi protestak. Militarrek parlamentuaren inguruan jarritako segurtasun hesia gainditzen ahalegindu da manifestari talde bat, eta soldaduek tiroka erantzun diete. Osasun iturrien arabera, ehunka dira zaurituak, eta gutxienez 28 erietxera eraman behar izan dituzte.

Nahasmena baliatuta, manifestazioekin bat egin duen militar ohien talde batek Atzerri Ministerioan sartu eta hura hartzea lortu du. «Iraultzaren bulego zentrala» izendatu dute eraikina, eta Aoun presidentearen irudiak erre dituzte. «Hemen geratuko gara, eta dei egiten diegu manifestariei okupa ditzaten gainontzeko ministerioak ere», esan du, megafonoetatik, eraikinean sartu den manifestarietako batek.

Ondorio politikoak

Aounek defendatu egin zuen atzo leherketaren inguruan egiten ari diren ikerketa, eta nazioarteko esku hartzeak «egia lausotuko» lukeela argudiatu zuen, aukera hori baztertzeko. Oposizioak eta giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeek bestelako iritzia dute, eta ez dira fio gobernuaz.

Parlamentuan gero eta gehiago dira hauteskundeak egitearen aldekoak. Gobernuak huts egin duela uste dute, eta haren dimisioa eskatzen dute. Hori bera egin dute protesta gisara Kataeb alderdi kristauko hiru diputatuek. «Gauza bera egiteko eskatzen diegu gainontzeko diputatuei ere, herritarrek askatasunez eta inolako presiorik gabe erabaki dezaten boterean nork egon beharko lukeen», azaldu du Samy Gemayel alderdiko buruak. Ez dira bakarrak izan: beste bi diputatuk eta Libanok Jordanian duen enbaxadoreak ere kargua utzi dute.

Egoera baretzeko asmoz, agerraldia egin du Hasan Diab lehen ministroak, eta prest agertu da legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzeko. «Prest nago beste bi hilabetez karguan jarraitzeko alderdi guztiek hurrengo urratsak zein izan behar duen adostu bitartean. Astelehenean deituko dut ministroen kontseilura, bozak aurreratu ahal izateko».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.