Orio da Euskotren ligako txapelduna, bi jardunaldiren faltan

Txiki ontzia aise gailendu da Ondarroan, Donostiarra bigarren sailkatuari bederatzi segunduko aldea aterata. Oriotarrek bigarren urtez segidan eskuratu dute liga.

Orioko arraunlariak, larunbatean Hondarribian irabazitako estropadan. Asteburuk bi jardunaldietan nagusitu dira. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abuztuaren 9a
12:58
Entzun

Ahalik eta modurik onenean. Oriok nahieran irabazi du Ondarroako (Bizkaia) bandera, eta gisa horretara lortu du Euskotren liga matematikoki irabaztea. Donostiarrari zortzi puntuko aldea ateratzen dio sailkapen nagusian, beste horrenbeste puntu jokatzeke direla, eta irabazitako bandera kopuru handiagoak jadanik ziurtatu dio koroaren jabe izatea, datorren asteburuan Zarautzen jokatuko diren estropadei itxaron beharrik gabe.

Txapelketa eskura zuela ekin dio Ondarroako estropadari. Txiki ontziak nahikoa zuen Donostiarraren aurretik helmugaratzea, eta halaxe egin du. Haatik, presarik gabe ekin diote lehendabiziko paladei, arrauna hortzetaraino eramanaz, eta aurkariekiko tosta bat atzetik atera dira. Azti aritu dira horretan; ontzia azkarrago jarri dute martxan, eta berehalakoan lortu dute puntako abiadura. Ordutik aurrera nagusi izan dira estropada eremuan.

Itsasoa bare zegoen Ondarroan, baina hangoa beti da eremu bihurria. Haizearen eraginak, amulaz sartzen diren olatuek eta Artibai ibairen bokaleak tentuz aritzera behartzen dituzte arraunlariak, eta egoera horretan ondo moldatu da Orio. Jakin du erritmoa gehiegi bizitu gabe —32-33 paladatan— arerioei txopa erakusten. Hala, Donostiarra zen ziabogarako horien sokari eusten zien bakarra, bost segundura. Ordurako, lehendabizikoaren uberarik ez zuen ikusten Arraun Lagunakekoek, zazpi segundura, eta ezta Hondarribiakoek ere, 21era. Ama Guadalupekoa aurkariengandik urrun aritu da estropada osoan zehar.

Poparean, azti

Brankaz luze, eta poparean ernai. Oriok ez du bururik galdu kanpoko balizen inguruko narratsean, eta asmatu du trainerua barrura ohola bezala ekartzen. Nadeth Agirrek gidatutako estropalariek jakin bazekiten zer garrantzi duen une horrek; amaierako luzearen lehen laurdenean jazotzen denak erabat baldintzatu dezake saioa, onerako nahiz txarrerako.

Donostiarrak, baina, ez du lortu aldeak murriztea. Alderantziz; Oriok handitu egin du abantaila, eta behin Ondarroako barra pareko olaxka biziei bizkar kolpe are biziagoak emanda lortu du lehen postuan helmugaratzea. Bederatzi segundura geratu da Donostiarra, bigarren sailkatua. Arraun Lagunakek hamasei segundu gehiago behar izan ditu lanak amaitzeko, eta Hondarribiak, 49. Asmatu ezinik aritu dira berdeak.

Garaipen horrekin, Oriok lortu du arraun urte bitxiko lehendabiziko liga txapelduna izatea. Horiek Euskotren ligan eskuratzen duten bigarren saria da; iaz lortu zuten lehendabizikoa, eta taldeari jarraipena emanda eginda da aurtengoaren jabe, Xanti Zabaletaren gidaritzapean berriz ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.