MAURIZIO

Marea beltza geldiarazteko lanetan dihardute Maurizion

Zamaontzi batek 1.000 tona erregai baino gehiago isuri ditu uhartearen hego-ekialdeko koral arrezifean. Zisternaontziak eta helikopteroak isuria geldiarazteko lanetan hasi dira gaur.

Boluntarioak 'MV Wakashio' itsasontziak eragindako marea beltza garbitzen. LAURA MOROSOLI / EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2020ko abuztuaren 10a
15:08
Entzun

Uztailaren 25ean MV Wakashioa itsasontzia trabatuta geratu zen Maurizio uhartearen (Afrika) hego-ekialdeko koral arrezifean, lurretik kilometro erdira gutxi gorabehera. Joan den ostegunean, ordea, Maurizioko Gobernuak jakinarazi zuen ontziak arraila bat zuela eta bere erregai karga itsasora isurtzen ari zela. Zamaontziak 4.000 tona erregai inguru zeramatzan, eta 1.000 tona baino gehiago isuri ditu dagoeneko. Ondorioz, gobernuak ingurumen larrialdi egoera ezarri zuen ostiralean, eta zer gertatu den ikertzen ari da. Azken egunotan, jende ugari ari da marea beltza geldiarazteko lanetan.


'MV Wakashioa' zamaontzia eta eragin duen isuria, Maurizion. REUNION REGION HANDOUT

Haizearen eta itsas lasterren eraginez, marea beltzak eragindako kutsadura hedatu egin da. Mokshanand Sunil Dowarkasing Maurizio uharteko Ingurumen aholkularia eta Greenpeace Afrika erakundeko Estrategia arduradun ohiaren arabera, egoera horrek arriskuan jartzen du uhartearen ekialdeko kostalde osoa.


Zamaontziaren isuriak eragindako marea beltza. PIERRE DALAIS / EFE

Asteburuan jende ugari bildu zen hondartzako garbiketa lanetan eta euste hesiak eraikitzen laguntzeko, eta gaur, bi zisterna ontzi eta hainbat helikoptero hasi dira erregai isuria geldiarazteko lanetan. Gobernuak, gainera, Frantziari eta Nazio Batuen Erakundeari eskatu die laguntza, hondamendiari aurre egin ahal izateko. Horrez gain, Japoniak sei kideko talde bat bidali du uhartera bertan laguntzeko, eta Japoniako Atzerri Ministerioak adierazi duenez, espero du «asistentzia horrek Maurizioko ingurumena lehengoratzen eta itsas kutsadura eragozten laguntzea». Izan ere, zamaontzia Panaman erregistratua dagoen arren, Japoniakoa da.


Boluntarioak 'MV Wakashio' itsasontziak isuritako olioa garbitzen. LAURA MOROSOLI / EFE

Isuria uhartearen historiako krisirik okerrenetariko bat da. Kaltetutako eremua koralezko arrezifeen eskualde bat da, hamabost urte inguru birgaitzen zeramatzatena, eta kilometro gutxira erreserba natural garrantzitsuak ditu. Marea beltzak itsas ekosistema kutsatu du, eta Vassen Kauppaymuthoo Maurizioko ozeanografo eta ingurumen adituaren arabera, «itsas ekosistema zena bezalakoa izateko hamar bat urte beharko dira».

Hondamendi hau naturala izateaz gain, ekonomikoa ere bada; izan ere, eremu horretako ehunka familia arrantzatik eta turismotik bizi dira. Aurten, gainera, koronabirusaren ondorioz herrialderako bidaia kopurua murriztu denez, bertako turismoa kaltetua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.