Ekialde Hurbila

Israelen eta Emirerrien arteko ituna bakerako «aukera bat» da, NBEren iritziz

Iranek eta Turkiak kritikatu egin dute akordioa. Alemania, Erresuma Batua eta Frantzia, berriz, haren alde agertu dira.

Antonio Guterren NBEko idazkari nagusia eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, artxiboko irudi batean. YAD VASHEM, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abuztuaren 14a
11:08
Entzun

«[NBE Nazio Batuen Erakundeko] idazkari nagusiak ongietorria egin dio akordio honi, buruzagi israeldarrentzat eta palestinarrentzat negoziazioak berreskuratzeko aukera bat sortuko duen itxaropenaz, bi estatuen konponbidea errealitate bihurtzeko, NBEren ebazpen garrantzitsuekin, nazioarteko legediarekin eta aldebiko akordioekin bat», adierazi du Guterresen bozeramaile Stephane Dujarricek.

NBEk laster eman zion oniritzia Israelen eta Arabiar Emirerri Batuen akordioari, Donald Trump AEBetako presidenteak atzo publiko egin eta ordu gutxira. Akordio horrek bi herrialdeen harremanen normalizazioa aurreikusten du. Halaber, Israelek konpromisoa hartu du Zisjordaniarako iragarri zuen anexio plana eteteko. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak atzo argitu zuenez, anexio plana «behin-behinean» geldituko du, baina plana oraindik «mahai gainean» dagoela nabarmendu zuen. Ituna lortzeko bitartekari lanetan aritu zen AEBetako Gobernua.

Guterresen bozeramaileak, baina, garrantzia aitortu dio Israelek Zisjordaniaren hainbat lurren gaineko anexioa eten izanari. Ohartarazi du plan hori gauzatzeak ateak itxiko lizkiokeela Palestinaren eta Israelen arteko negoziazioei berrekiteari eta bi estatuen konponbideari.

Israelekin harreman diplomatikoak ezarri dituen Ekialde Hurbileko hirugarren herrialdea da Arabiar Emirerri Batuak. Egiptok bake akordioa sinatu zuen estatu juduarekin 1979an, eta Jordaniak beste hainbeste egin zuen 1994an. Arabiar Emirerri Batuetako Gobernuak adierazi du «akordio ausarta» dela, eta Palestinaren eta Israelen arteko gatazka konpontzeko bake prozesua bideratzen lagunduko duela.

Palestinako agintariek oso bestelako analisia egin dute, ordea. PAE Palestina Askatzeko Erakundeko zuzendaritzako kide Hanan Axrawik akordioa gaitzetsi zuen atzo sare sozialetan: «Israel saritu egin dute okupazioa hasi zutenetik Palestinan legez kanpo egiten ari direna jendaurrean bere gain ez hartzeagatik. Arabiar Emirerri Batuek publiko egin dituzte Israelekiko harreman normalizatuak izateko ahaleginak».

Hamasek ere gogor salatu zuen hitzarmena. Palestinarrei traizio egin izana egotzi zion Fawzi Barhum eledunak Abu Dhabiri: «Labana sartu digute bizkarretik, Israelekin harremanak hasita. Israelek okupaziopean egindako krimenen saria da hau». Al-Fatahko zuzendaritzako kide Abbas Zakik, berriz, salatu zuen arabiar herrialdeen arteko adostasuna urratzen duela akordioak, eta Arabiar Ligari eskatu dio bertan behera utz ditzala Israelekiko elkarrizketak.

Etxe barruan ere kritikak egin dizkiote Israeli. Legez kanpoko kokaguneetako kolonoek eta eskuin muturrak, hain zuzen, boto emaileei iruzur egitea egotzi diote, kanpainan Zisjordaniako lurrak anexionatuko zituela hitzeman ondoren orain plana eteteagatik.

Israelgo Gobernuak aurreratu du Arabiar Emirerri Batuekin lortutako akordioaren antzeko itunak sinatuko dituela inguruko estatu gehiagorekin. «Akordio gehiago izango dira herrialde arabiar eta musulmanekin». Itunak berak jasotzen du Israelek horretara bideratuko dituela orain indarrak.

Herrialde musulmanen erreakzioak

Israelen eta Arabiar Emirerri Batuen akordioak «estrategia ergel» bati erantzuten diola adierazi du gaur Irango Atzerri Ministerioak, eta ohartarazi du Tel Aviven kontrako oposizioa indartuko duela Ekialde Hurbilean. «Erregimen sionistaren kontrako batasuna eta elkartasuna sustatuko ditu». 

Iranen iritziz, erabaki «arriskutsua eta lotsagarria» hartu dute Arabiar Emirerri Batuek, eta ohartarazi du Abu Dhabiren erantzukizuna ere izango dela Israelek etorkizunean Persiar golkoan esku hartzen badu.

Turkiak ere akordioa kritikatu du. Hango Atzerri Ministerioaren arabera, «ez da sinesgarria hiru aldeko akordioa palestinarren aldarriekiko babes gisa aurkeztea». Turkiak salatu du Arabiar Emirerri Batuek ez dutela «autoritaterik Israelekin Palestinaren izenean negoziatzeko eta Palestinarentzako hil edo bizikoak diren auzietan amore emateko». Palestinarrei «traizio» egitea leporatu die.

Jordania zuhur agertu da hitzarmenak ekarpenik egingo ote duen Palestinaren eta Israelen arteko gatazka gainditzeko. Ayman Safadi Atzerri ministroaren esanetan, «okupazioa amaitzeko pizgarria» baldin bada lagunduko du bakebidean. «Hala gertatzen ez bada, gatazka are sakonagoa bilakatuko da eskualdean: lehertu egingo da, eta atakan jarriko du eskualde osoa». Safadik ohartarazi du «bakea lortzeko aukera suntsitzen duten legez kanpoko neurri guztien amaierak» etorri behar duela anexioa eteteko erabakiaren atzetik.

Yemengo huthi errebelde xiitek akordioa gaitzetsi dute, eta AEBen «propaganda» dela adierazi. Mohamed Abdelsalam mugimenduko bozeramaileak nabarmendu du akordioak agerian utzi dituela Israelen eta Arabiar Emirerri Batuen arteko harremanak, orain arte ezkutukoak. Arabiar Emirerri Batuak Yemengo Gobernuari babes militarra ematen dion koalizioaren parte dira, Saudi Arabiarekin batera.

Egiptok, Omanek eta Bahrainek goraipatu egin dute AEBek iragarritako ituna. Bahraingo Gobernuak eskertu egin ditu Arabiar Emirerri Batuen «ahalegin diplomatiko zintzoak» eta «akordio historikoa» lortu ahal izateko AEBen bitartekaritza lana. Adierazi du Ekialde Hurbilean bakea egonkortzen lagunduko duela itunak.

Abdelfatah al-Sisi Egiptoko presidentea ere antzera mintzatu da. Ekialde Hurbilean «aberastasuna eta egonkortasuna» lortzea helburu duen akordioa lortzeko ahaleginak eskertu ditu.

Omanek «babesa» agertu die Arabiar Emirerri Batuek Israelekin harremanak normalizatzeko hartu duten erabakiari. 

Europan, oniritzia

Alemaniak ospatu egin du akordio «historikoa». Haiko Maas Atzerri ministroaren esanetan, «eskualde horrek bakea lortzeko ekarpen garrantzitsua» izango da.

Frantziako Atzerri ministro Jean-Yves Le Drianen iritziz, «aurrerapauso bat» da, baina anexio plana eteteko erabakiak «behin betiko» neurri bihurtu behar du. Ministroak gaineratu du akordioak bidea errazten diola Palestinaren eta Israelen arteko elkarrizketari, bi estatuen konponbidea gauzatzeko. Eskualdean bakea lortzeko «aukera bakarra» hori dela nabarmendu du.

Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnsonen arabera, «albiste izugarri ona» da akordioa. Adierazi du bakebidean aurrera egiteko urrats egokia dela Zisjordaniaren gaineko anexioa eten izana.

Biden, anexioaren kontra

AEBetako alderdi demokrataren presidentegai Joe Bidenek txalotu egin du Arabiar Emirerri Batuen erabakia, «Israelgo Estatua publikoki aitortu» duelako. Jarrera «ausarta» izan duela nabarmendu du. Bidenek gaineratu du AEBetan azaroan egitekoak diren hauteskundeak irabaziz gero —Trumpi sei punturen aldea ateratzen dio azken inkestetan— bere gobernuak bide beretik aurrera egiten jarraituko duela.

Israelek Zisjordaniarako iragarri zuen anexio planaren inguruan, berriz, kritiko agertu da. Plana bakearentzako kolpe gogorra litzatekeela ohartarazi du. «Horregatik nago haren aurka orain, eta egongo naiz presidente naizenean ere», ziurtatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.