Tokiko erakundeak

Udalek finantzaketa nahikoa izatea nahi dute EH Bilduko alkateek

Iñigo Urkulluri eta Maria Txibiteri dei egin diete udalak defendi ditzaten eta ez dezaten ezarri udalen superabitak baliatzeko Espainiako Gobernuaren dekretua. Alkateek gaitzetsi egin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien jokaera. «Ez du balio Madrilen aurrean kexatzea, hemen gauza bera egiten ari badira».

EH Bilduko alkateetako batzuk, gaur Usurbilen egindako agerraldian. EH BILDU
Irune Lasa.
2020ko abuztuaren 17a
16:14
Entzun

EH Bilduko alkateek uste dute pandemiak agerian utzi duela udalen garrantzia eta eraginkortasun politikoa. Hori azpimarratu dute gaur Usurbilen (Gipuzkoa) egindako agerraldian, eta segidan azaldu tokiko erakundeek baliabideak ere behar dituztela, autonomiaz gain. «Udalek finantzaketa sendoa eta inbertitzeko malgutasuna izatea ezinbestekoa izango da datozen hilabete eta urteetan».

Tokiko erakundeen finantzabideak hizpide eta eztabaidagai dira egunotan. Abuztu hasieran, Pedro Sanchezen gobernuak Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioarekin akordioa sinatu eta dekretua argitaratu zuen, zeinetan jasotzen den tokiko erakundeek laguntzak eta interesak jasoko dituztela, egun dituzten soberakinak Espainiako Gobernuari maileguan ematearen truke.

Izan ere, udalak ez dira aske euren finantzaketarako: Aurrekontuen Egonkortasun Legeak eragotzi egiten die defizitik izatea, eta, superabitik izanez gero, behartuta daude diru horiek zorra kitatzeko erabiltzera.

Hori bai, legearen baldintza horiek Hego Euskal Herriko tokiko erakundeentzat indargabetu egingo zirela jaso zuten EH Bilduk berak Espainiako Gobernuarekin maiatzaren 20an sinatutako akordioan. Koalizioaren arabera, «EH Bilduk lanean jarraituko du akordio hori betearazteko bidean».

Koalizioko alkateek uste dute Espainiako Gobernuaren dekretuak ez dituela errespetatzen foru berezitasunak, eta dei egin diete Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta Maria Txibite Nafarroako presidenteari ez dezaten dekretua ezartzen utzi eta udalen finantzaketa defendi dezaten.

Anomaliak

Superabitaren erabilera horrekin Espainiako Gobernuaren helburua bere burua finantzatzea dela uste dute EH Bilduko alkateek, eta antzeko mekanismoak ikusi dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien jokaeran. «Udalen foru funtsen gaineko aurreikuspena murriztu dute, eta, beraz, udalek uste zuten baino diru sarrera txikiagoak izango dituzte, %20 gutxiago».

Beste anomaliaren bat ere ikusi dute udal finantzekin. Bizkaian, alkateek salatu dutenez, aldundiak erabaki du bere altxorrean gordetzea 2019ko funtsaren likidazioko udalen aldeko 26 milioi euroko saldoa, 2020ko balizko likidazio negatiboa konpentsatzeko.

Horrez gain, EH Bilduk salatu du «tirabirak» izan direla Espainiako Gobernuak martxoaren 17an sortutako Ezohiko Gizarte Funts Bereziaren banaketan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek ez dute ezer jaso hortik, eta «beste erkidegoetan, berriz, funts hori apirilean eta maiatzean entregatu zaie».

EH Bilduko alkateen ustez, «ez du balio Madrilen aurrean kexatzea, gure udalei finantza bideak kendu zaizkielako hemen gauza bera egiten ari badira».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.