ERRUGBIA

Emakume transek jokatu ala ez eztabaidatuko du World Rugbyk

Erakundeak arau bat ezarri nahi du, eta, horren arabera, World Rugbyk erregulatzen dituen lehiaketetan emakume transek debekatuta edukiko dute parte hartzea, «joko segurua eta bidezkoa» bermatzeko.

Maori Ferns eta Indigenous Women's All-Stars taldeen arteko errugbi partida, iaz. DANIEL POCKETT / EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2020ko abuztuaren 17a
19:00
Entzun

World Rugby nazioarteko errugbi erakundeak arau bat proposatu du «joko segurua eta bidezkoa» bermatzeko. Neurria onartuz gero, emakume transek ezingo dute parte hartu erakundeak arautzen dituen lehiaketetan —nazioarteko lehiaketetan—. Estatu mailako txapelketetan eta amateurretan, berriz, federazio nazionalen menpe egongo da araua. World Rugbyk gaur itxiko du arau berriaren inguruko feedback-a jasotzeko epea.

Gaur egun indarrean dagoen legedia Nazioarteko Olinpiar Batzordearen jarraibideetan jasotako bera da. Horren arabera, testosterona maila gutxienez 12 hilabetez jaisten bada, emakume transak errugbian aritu daitezke. World Rugbyren arabera, ordea, egungo araua «ez da egokia». Izan ere, erakundeak azaldu duenez, azken ikerketek adierazi dute testosterona murrizteak ez dakarrela indarraren eta potentziaren murrizketa proportzionala. Beraz, «emakume transekin, eta haien aurka, aritzen diren cis jokalariek —transgeneroak ez direnak— arrisku handiagoa dute lesioak izateko».

Araudi berriak ez die gizon transei neurri berean eragiten, baina adierazpen bat sinatu beharko dute jokatu ahal izateko. The Guardian egunkariak adierazpenaren zirriborroa ikusi zuen, eta zera adierazten zen: «Aitortzen eta onartzen ditut errugbian jokatzen duten gizon transgeneroen lesio arriskuak, estatistiken arabera gizon transgeneroak baino indartsuagoak, azkarragoak eta astunagoak diren gizonekin aritzen baitira, irakurri eta ulertu ditudan World Rugby transexualentzako jarraibideetan deskribatzen den bezala».

Legearen inguruko erabakia azaroan hartzea espero da, sindikatuek Munduko Errugbi Kontseiluaren bilera batean proposamenei buruz bozkatzen dutenean.

Proposamenaren inguruan, erantzuna

Asko dira World Rugbyk proposatutako arauaren aurka azaldu diren talde eta jokalariak. Sinadura bilketa bat jarri dute martxan erakundeak bertan behera utz dezan proposamena —16.000 sinadura baino gehiago jaso dituzte jada—, eta sare sozialetan #takletransphobia (plakatu transfobia), #LetUsPlay (utzi guri jokatzen) eta #RugbyForAll (errugbia denontzat) traolak erabiltzen ari dira. Alev Kelter AEBetako errugbi selekzioko jokalariak —Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan aritu zen (2016)—, esaterako, «Denek merezi dute maite dituzten kirolak praktikatzea!!» jarri du bere Twitter kontuan:

Caledonian Thebans Edinburgoko gay errugbi talde inklusiboak zera adierazi du: «Errugbia denentzat da. Kaledoniako tebastarrek ez dute babesten trans emakumeei jokoa debekatzeko World Rugbyren proposamena. Beti bezala, gure trans anai-arrebei elkartasuna adierazten diegu».

Horrez gain, abuztu hasieran, egoitza Estatu Batuetan duten errugbi klubek, unibertsitatetako taldeek eta AEBetako selekzioko jokalari eta entrenatzaileek adierazpen bateratu batean adierazi zuten trans jokalarienganako babesa, Instagramen argitaratutako lau minutuko bideo batean. Bideoan parte hartu zuten Alev Kelter eta J.J. Javelet errugbi jokalariek —biak aritu ziren 2016ko Olinpiar jokoetan AEBetako selekzioan—; Jenny Lui AEBetako errugbi selekzioko jokalari ohiak eta egungo entrenatzaileak; eta Lisa Rosen Estatu Batuetako Aire Armada Akademiako emakumeen buruak. 23 klubetako jokalariek ere parte hartu zuten.

Espainiako Estatuari dagokionez, Florencio Michelenak, Titanes gay errugbi talde inklusiboko presidenteak, adierazi du transei lesioak eragitea leporatzea «lekuz kanpo dago tamaina bateko eta besteko jokalariak dauden kirol batean», eta zera aldarrikatu du: «Emakume trans bat emakume bat da. Hau transfobia arazo bat da». Michelenaren klubak, gainera, abian jarri du sinadura bilketa bat, emakume transek errugbian jokatzen jarrai dezaten; eskaerak 26.500 sinadura baino gehiago lortu ditu jada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.