Realak David Silva fitxatu du

Azken hamar urteak Manchester Cityn egin ditu Silvak. Kontratua amaituta, Donostiako klubak ez dio jatorrizkoari ordaindu beharrik izan. Bi sasoirako sinatu du. 

David Silva, Manchester Cityrekin partida bat jokatzen. Azken hamar urteak Ingalaterrako taldean egin ditu. PETER POWELL / NMC
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abuztuaren 17a
23:36
Entzun

Azti ibili da Reala, eta kolpea jo du. David Silvak elastiko txuri-urdina jantziko du datozen bi sasoietan, Manchester City utzi eta donostiarrekin hitzartu baitu bere etorkizuna. Aurrelariak baiezkoa eman dio donostiarren eskaintzari, eta 2022ra arte ariko da Anoetako taldearekin. Ezusteko fitxaketa izan da; Erromako Laziorekin tratua ixtear zen, baina Realaren aukera hobetsi du azkenerako. Manchester Cityrekin kontratua amaitu duenez, jatorrizko klubari deus ordaindu gabe iritsiko da Donostiara aurten 34 urteko jokalari kanariarra.

Gisa horretara, Realak azkar bete du Martin Odegaardek utzitako hutsunea. Puntaerdi lanak egiten ditu Silvak, eta azken urteetan jokalari garrantzitsua izan da Josep Guardiolaren taldean. Hain justu, astelehenean bertan utzi du Manchester City, eta Ingalaterrako klubak Silvaren estatua bat ezarri du estadioaren kanpoaldean, esker ona adierazteko. Taldeko kapitaina izan da oraintsu arte.

Izan ere, Silva hamar denboraldiz aritu da Manchesterren (2010-2020), eta hamalau garaikurreko zerrenda oparoa osatu du han: lau Ingalaterrako liga, bi kopa, hiru superkopa eta bost ligako kopa irabazi ditu. Espainiako selekzioarekin ere goia jotakoa da Silva; bi Eurokopa eta Munduko Kopa bat eskuratutakoa da. 

Eibarren aritutakoa da

Realeko aldia ez da Silvak Euskal Herrian egingo duen lehendabizikoa izango. Artean Valentziako (Herrialde Katalanak) jokalaria zela, utzita aritu zen Eibarren, Jose Luis Mendilibarren esanetara. Silvak parte hartze handia izan zuen talde hartan; ordura artean armaginek egindako sasoirik onentsuenetako bat izan zen. Bost gol sartu zituen Eibarrekin.

Silvarena da Realak datorren urtera begira egindako lehen fitxaketa. Bestalde, klubak gaur egin du ofizial Zourdine Thiorrek ez duela txuri-urdinekin segituko. Jokalari oriotarra Portugalgo Coimbra taldean ariko da aurrerantzean, bi aldeek akordioa itxi eta gero. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.