AEB-ak

"Iluntasunaren aroa" amaituko duela hitzeman du Bidenek kargu-hartze ekitaldian

Estatubatuarrak babestu ez izana egotzi dio presidentegai demokratak Donald Trump estatuburuari, Alderdi Demokrataren kongresuaren azken egunean.

Jill eta Joe Biden, Kamala Harris eta Douglass Emhoff. EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 21a
08:43
Entzun

Amaitu da Alderdi Demokrataren inoizko kongresurik bereziena. Koronabirusaren pandemia dela medio Joe Biden hautagai demokratak ez du ohiko jendetzaren aurrean egin bere kargu-hartze hitzaldia. Soilik emaztea eta taldekideak izan ditu aldamenean. Baina, agerraldia amaituta Delawareko Chase aretoaren kanpoaldera irten denean, herrikideak zain zituen, auto eta kamioietara igota.

Donald Trump estatuburuaren aurka egiteko baliatu du Bidenek kargu-hartze hitzaldia. Presidente errepublikanoari egotzi dio estatubatuarrak bakarrik utzi izana pandemia betean, eta hitzeman du «iluntasunaren aroa» amaituko duela. «Itxaropena aukeratuko dugu beldurraren ordez, egitateak fikzioaren tokian, eta justizia pribilegioen lekuan».

Bozetarako 75 egun soilik falta diren honetan, hautagai demokrataren aldeko joera erakusten dute inkestek, eta Bidenek alderdiaren babes osoa du. Lau eguneko kongresuan, batasun irudia eman du alderdiak, eta Bidenen aldeko jarrera erakutsi. Demokratek ez ezik, ordea, hainbat errepublikano historikok ere agertu dute hautagai demokrataren aldeko jarrera, argudiatuz Trumpen pandemiaren kudeaketak milaka hildako eragin dituela AEBetan.

Datorren astean errepublikanoek egingo dute indar erakustaldia, alderdiaren kongresu nazionalean. Orduan onartuko dituzte euren hautagaitzak Trumpek eta Mike Pence egungo presidenteordeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.