AEB-etako hauteskundeak

Aste erabakigarria izan liteke Trumpentzat

Alderdi Errepublikanoak gaur hasiko du presidentegaia berresteko batzarra, eta egun berean iragarri dute Trumpen aholkulari Kellyanne Conwayk kanpaina utziko duela ere.

Donald Trump eta Kellyanne Conway aholkularia. SHAWN THEW, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 24a
12:21
Entzun

Garai ilunak dira Donald Trump presidente eta presidentegai errepublikanoarentzat. Inkestak aurka dituela heldu da 2016an bere kanpaina arduradun izan zen Stephen Bannonen atxiloketa eta haren aurkako ustelkeria salaketa, baita demokraten txosten bat ere non zehazten den buruzagi errepublikanoaren gertukoen eta Errusiako zerbitzu sekretuen hainbat bilera, Trumpen garaipena bermatzea helburu zutenak. Testuinguru horretan hasiko dute gaur Alderdi Errepublikanoak hauteskunde urtean egin ohi duen batzar orokorra, Trump hautagai izendatzea helburu duena.

Agintaldiko urterik zailena da aurtengoa Trumpentzat. Koronabirusaren krisiak kolpe gogorra jo dio haren irudiari, eta Joe Bidenen hautagaitzari egin dio mesede. Hautagai errepublikanoak COVID-19aren txertoan zituen jarriak itxaropen guztiak, eta baita iragarri ere hura urrirako prest izango zutela. Baina aukera hori gero eta urrunago dute AEBek. Hala, plasma isuraldatzeak baimendu dituzte, koronabirusak jota dauden gaixoentzat. «Erabakiak ez du politikotik ezer; bizitzak salbatzeaz ari gara», idatzi du estatuburuak sare sozialetan.

Ezohiko kongresua izango da aurtengoa errepublikanoentzat ere. Pandemiak bultzatuta egun bakarrean bilduko dira ordezkari guztiak Ipar Carolinako Charlotte hiriko batzar aretoan, Trump presidentegai izendatzeko. Hautagai errepublikanoak, ordea, egunero egingo du agerraldiren bat hitza hartzeko, eta aurka dituen galdeketak bere alde jartzeko.

Hutsune handi bat

Kanpaina betean, aholkulari garrantzitsu bat galdu du Trumpek. Kellynne Conway. Duela lau urteko kanpainako zutabe nagusietako bat izan zen Conway, eta baita Etxe Zuriko aholkulari ezagunenetariko bat ere. Bera izan zen, esaterako, Trumpi aholkatu ziona koronabirusari buruzko agerraldiak egunero egiteko, herritarrek pentsa ez zezaten estatuburua besoak gurutzaturik zegoela egunero milaka kasu atzematen zituzten bitartean.

Conwayk iragarri du datorren astean utziko duela aholkularitza, «seme-alabekin denbora gehiago egoteko». Hark bakarrik ez, haren senar George Conwayk ere Lincoln Proiektuan zuen kargua utziko du, behin-behinean. Lincoln Proiektuak Trumpekiko kritiko diren errepublikanoak biltzen ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.