Bielorrusia

Oposizioko bi buruzagi atxilotu dituzte Bielorrusian

Botere aldaketarako oposizioak sortutako koordinazio kontseiluko zuzendaritzako kideak dira. Lukaxenkoren aurka atera dira protesta egitera, hamabosgarren egunez jarraian.

Lukaxenkoren aurkako protestak Minsken, atzo. STR / EFE
2020ko abuztuaren 24a
12:43
Entzun

Botere aldaketarako koordinazio kontseiluko zuzendaritzako bi kide atxilotu dituzte, gaur, Minsken. «Zerbitzu berezietako agenteek Olga Kovalkova eta Sergei Dilevski atxilotu dituzte, eta polizia auto batean eraman dituzte», berri eman du Belsat telebista kateak. Oposizioak botere aldaketarako helburuarekin sortutako koordinazio kontseiluko kideak dira Kovalkova eta Dilevski. Poliziak azaldu duenez, administrazio prozesu bat zabaldu dute haien aurka. Oposizioko batzordeko prentsa taldeak albistea baieztatu du, baina ez du informazio gehiagorik eman. Bielorrusiako Fiskaltzak oposizioak eratutako koordinazio kontseiluaren aurkako auzi penala abiatu zuen iragan ostegunean. 

Bestalde, Bielorrusiako Kazetarien Elkarteak (BAJ) salatu du 50 komunikabide baino gehiagoren webguneak blokeatu dituztela, eta paperezko egunkari batzuk inprimatzea eragotzi dutela. «Hauteskundeen ondoren egin diren protestei buruz berri ematea geldiarazteko» helburua du blokeoak, BAJen arabera, eta komunikabideen «zilegizko jardunari zentsura» ezartzea.

Atzoko protesten ondoren iritsi dira atxiloketak. Abuztuaren 9an ospatu ziren hauteskundeak Bielorrusian, eta, ordutik, egunero atera dira kaleetara Aleksandr Lukaxenkoren garaipenaren aurka protesta egitera. Hala egin zuten atzo ere: hamabosgarren egunez jarraian atera ziren protesta egitera. Tokiko komunikabide batzuen arabera, 100.000 lagun inguru batu ziren protestetan; oposizioaren arabera, 200.000 izan ziren parte hartzaileak. Hiriburuko Independentzia Plazan batu ziren.

«Alde egin», «Gora Bielorrusia» edo «Uste osoa dugu, ahal dugu, irabaziko dugu» eta antzeko oihuak entzun ahal izan ziren Minskeko kaleetan. Maria Kolesnikova eta Pavel Latuxko botere aldaketarako batzordeko zuzendaritzako kideek manifestazioan parte hartu zuten. Kolesnikovak protestariei eskatu zien mobilizazioak egiten jarraitzeko, eta agintariei «boikot» egiteko. 

Aurreko asteetako protestetan 7.000 inguru izan ziren atxilotuak. Olga Txemodanova Barne Ministerioko bozeramaileak jakinarazi duenez, ez zen hala izan atzoko mobilizazioetan. Dena den, Viktor Khrenin Defentsa ministroak ohartarazi zuen indar militarrek esku hartuko zutela monumentuen aurka egiten bazen. «Eremu sakratu» horien «laidoztatzea» ez duela onartuko adierazi zuen Khreninek, jendea «aberria defendatu zutenei loreak eraman eta omenaldia egitera» joaten baita toki horietara. 

Aldi berean, Lituanian, 50.000 lagun inguruk parte hartu zuten giza kate batean; «Askatasunaren Bidea» izendatu zuten ekinaldia. Vilnius hiriburutik Medininkai hirira —Bielorrusiarekin muga egiten du— egin zuten katea, haien bizilagun den herrialdeari babesa erakutsiz. «Jazarpenarengatik eta beldurrarengatik aldatu nahi dutenei aurre egiteko, konpromisoa hartu behar da, egunero, [askatasuna] defendatzeko», esan du Gitanas Nauseda Lituaniako presidenteak. 1989an Sobietar Batasunaren aurka Estonian, Letonian eta Lituanian egin ziren protesten urteurrenean izan dira Bielorrusiaren aldeko mobilizazioak. Hain zuzen ere, Lituaniara egin zuen alde Svetlana Tikhanovskaia oposizioburuak, hauteskundeetan «iruzurra» salatu ondoren. 

Protesten erdian, Lukaxenko helikopteroz heldu zen Independentziaren Jauregira —presidentearen egoitza ofiziala da—. Ibilgailutik jaitsi zen, bere semearekin batera, eskuan fusil bat zeramala, sare sozialetan zabaldutako irudietan ikusten denez. Jauregiaren inguruan oposizioak deitutako protestak zeuden. 

Nazioarteko adierazpenak

Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak esan du Bielorrusiako protestek harrituta utzi dutela: «Minsken eta herrialde osoan zehar egiten ari diren manifestazio jendetsu eta baketsuek zirrara eragiten didate. Aldaketa demokratiko baten aldeko balioaren eta irmotasunaren adierazle dira». Txio baten bidez egin ditu adierazpenak, eta gehitu du agintariek elkarrizketa nazional bat hasi behar dutela.

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ohartarazi du Bielorrusiako oposizioa «Venezuelako gidoia» jarraitzen ari dela, Lukaxenko boteretik kentzen saiatzeko: «Oposizioko kideek egungo agintariekin elkarrizketak proposatzen dituzte, baina Bielorrusiako presidentearen irteerari buruz hitz egiteko bakarrik». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.