Wolfsburg 1-0 Bartzelona

Wolfsburg lehen finalista

Rolfok egin du gola 57. minutuan, nahiz eta Bartzelona hobea izan den eta aukera gehien izan dituen.

ainara arratibel gascon
2020ko abuztuaren 25a
22:44
Entzun

Wolfsburg eta Bartzelona izan dira sasoi honetan Europako talderik goleatzaileenak. 140 eta 117 gol sartuak zituzten hurrenez hurren. Gol asko espero zitezkeen beraz, bi taldeek Anoetan jokatutako Txapeldunen Ligako finalerdian. Baina futbolean askotan gertatu ohi bezala, usteak erdi ustel. 1-0 amaitu da partida Wolfsburgen alde. 57. minutuan lortu du Rolfok garaipenaren gola. Bartzelonaren aurrelariak bigun aritu dira erdiraketa bat urruntzeko garaian, eta pare bat alderatzeren ostean iritsi da gola. Hala, Wolfsburg hirugarrenez Europako txapeldun izateko lehiatuko da igandean.

Ez da partida ikusgarria izan. Baina bai entretenigarria. Aurrera begira eraikitako taldeak dira biak, eta erakutsi dute. Nahiz eta batez ere partidaren azken txanpan Wolfsburg  zuhurrago aritu erasora jotzeko orduan.
Hobeto ekin dio partidari Bartzelonak, eta lehen 20 minutuetan nagusi izan da, aukera argirik eduki ez arren. Oshoala izan da arrisku gehien sortu zuen jokalaria. Marionak aurrean egindako lanari esker, nigeriarrak duen abiadura eta joko zuzena baliatu du alemaniarren atera gerturatzeko. 7. minutuan gutxigatik joan zaio kanpora errematea. Ondoren, korner batean baloiak Wolfsburgen atzelari baten eskuan jo du, baina epaileak ez du penaltia adierazi, nahiz eta oso argia zirudien.

Alemaniarrak ez zeuden eroso. Baina Bartzelonaren baloiaren irteeraren presioan asmatzen hasi dira, eta pixkanaka zelai erditik aurrerako jokalariak agertzen hasi dira Harder, Rolfo eta Popp. Kontraerasoa oso ondo egiten duen taldea da Wolfsburg. Pase gutxi behar ditu aurkariaren atera ailegatzeko, eta halako jokaldi batean Rolfok gertu izan du gola (24. min.). Baina baloia nahi baino gehiago gurutzatu du. Bartzelonak Hanssenek pare bat jokaldirekin erantzun du lehen zatiaren azken txanpan. Horietako batean ezkerretik ondo sartu da areara, eta ozta-ozta joan zaio baloia kanpora.

Aldagelatik bueltan Bartzelonak izan du jokoaren ekimena, eta artean neurketako abagunerik argiena eduki dy. Jennifer Hermosok pase sakon ona eman , eta Hanssenek aukerako baloia izan du jaurtitzeko. Baina erratu, eta Marionari pasatzea erabaki du. Hor galdu zen aukera. Garesti ordaindu zuen Bartzelonak, ia erreskadan ailegatu baita Rolforen gola.

Baloi jabetza eman diote alemaniarrek Bartzelonari, kontraerasoa aprobetxatu nahirik. Nekea antzeman arren, kataluniarrek ekinean segitu dute, eta Mariona buruz eta Aitana area ertzetik egindako jaurtiketa batean partida berdintzear egon dira. Baina ez dute asmatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.