Zinemaldia

'Nora' filmaren estreinaldiak abiatuko du Zinemira saila

Aurtengo Zinemaldiko egitarauak 21 euskal ekoizpen bilduko ditu, hainbat sailetan banatuta. Horietatik hamahiru Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko lehian ariko dira.

Eugene Greenek zuzendutako 'Atarrabi et Mikelats' filmaren irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
2020ko abuztuaren 27a
16:17
Entzun

Hamalau film luze, hiru film labur, bi telesail, film ertain bat eta ekoizpen fasean dagoen proiektu bat dira Donostiako 68. Zinemaldian ikusgai izango diren euskal ekoizpenak. Denera, 21 lan dira, eta jaialdiko hainbat sailetan emango dituzte: besteak beste, Sail Ofizialean, Zuzendari Berriak sailean, Zabaltegi-Tabakaleran, Culinary Zineman eta Zinemiran.

Euskaraz filmaatutako film batek inauguratuko du euskal ekoizpenei eskainitako Zinemira saila, Lara Izagirre (Zornotza, Bizkaia, 1985) zinemagilearen bigarren lan luzearen estreinaldiak, zehazki: Nora-k —aitona argentinarra galdu ostean, neska batek Euskal Herriko kostaldetik egingo duen bidaia kontatzen du—. Nora-rekin batera, beste euskarazko hiru fikziozko lan hartuko ditu Zinemaldiak denera: Zuzendari Berriak atalean, Ane (David Perez Sañudo) eta Hil Kanpaiak (Imanol Rayo) filmak; eta Zinemiran, halaber, Eugene Greenen (New York, AEB, 1947) Atarrabi et Mikelats, euskal mitologiako bi pertsonaiaren istorioa kontatzen duen lana. Lau lan horiez gain, beste bederatzik izango dute eskura Euskal Zinemaren Irizar saria.

Zinemira sailera ekarriko du David Gonzalez Rudiezek ere (Bilbo, 1980) Talento bere laugarren lan luzea. Film komertzial bat egingo duen zinema zuzendari independente baten istorioa kontatzen du. 2018an, La noche nos lleva filmarekin izan zen Gonzalez Zinemira sailean.

Asier eta Biok idatzi eta zuzendu ondoren, Non dago Mikel? dokumentalarekin dator Zinemaldira Amaia Merino (Donostia, 1970). Miguel Angel Llamasekin (Noain, Nafarroa, 1980) batera zuzendutako lana da, eta, 1985ean, Guardia Zibilak atxilotu, eta hogei egun geroago hilik azaldu zen Mikel Zabaltzaren desagerpena kontatzen du. Beste bi zuzendariren elkarlana da Caminho Longe, Josu Martinezena (Bilbo, 1986) eta Txaber Larreategirena (Donostia, 1986), hain zuzen. Alfontso Etxegarai ETAko militante ohiaren istorioa du hizpide filmak; Sao Tome eta Principeko Errepublika Demokratikoan urte askotan bizi ondoren, etxera itzultzeko bideari ekingo dio.

Ekain Irigoienen (Donostia, 1981) Hijos de Dios filma ere erakutsiko du Zinemaldiak. Madrilgo kaleetan bizi diren etxe gabeko bi pertsonen istorioa kontatzen du. Natxo Leuzak (Iruñea, 1977), berriz, Enrique Villareal El Drogas musikariaren inguruko erretratu poliedriko bat aurkeztuko du.

Zinemaldiko hainbat sailetan parte hartu du aurrez Telmo Esnalek (Zarautz, Gipuzkoa, 1967), eta, oraingoan, Urtzen filma aurkeztuko du Zinemiran. Pablo Azkueren kontakizun bat du oinarri lanak, eta irudien, elkarrizketen eta musikaren bidez existentziaren inguruan hitz egiten du. Pepe Andreu (Elx, Herrialde Katalanak, 1973) eta Rafael Moles (Castelló, Herrialde Katalanak, 1974) ere jaialdian izanak dira lehenago. 2018an, Lau Haizeetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan izandako proiektua baita aurten aurkeztuko duten Lobster Soup filma. Islandiako kafetegi berezi bateko bezeroak dira pelikulako protagonistak.

Zinemira sailean, baina lehiaketatik at erakutsiko dira Olmo Figueredoren (Sevilla, Espainia, 1980) El estado contra Pablo Ibar sei kapituluko telesail-dokumentala eta Aitziber Olaskoagaren (Getxo, Bizkaia, 1980) Jo ta ke film ertaina. Oroimenaren inguruko hausnarketa egiteko, Herrera de la Manchako (Ciudad Real, Espainia) kartzelara bidaia bat egiten du azkeneko lan horrek.

Baita beste sail batzuetan ere

Zinemaldiak aurrez iragarritako beste euskal ekoizpen batzuk ere izango dira ikusgai jaialdiko hainbat ataletan. Zuzendari Berriak saileko bi lanez gain, Sail Ofizialean, Pablo Agueroren Akelarre emango dute; eta Culinary Zineman, berriz, Asier Altunaren Arzak Since 1897 dokumentala. Lau ekoizpen horiek ere Irizar Saria eskuratzeko lehian ariko dira.

Bestalde, Zabaltegi-Tabakaleran bi euskal ekoizpen erakutsiko dituzte: Laida Lertxundiren Autoficción eta Marina Palaciosen Ya no duermo film laburrak, hain zuzen. Made in Spain sailean, berriz, Paula Cons Varelaren (Coruña, 1976) La isla de las mentiras ikusi ahalko da.

Halaber, Euskal Zinemaren Gala egingo da irailaren 22an, Viktoria Eugenia antzokian, eta Bizimina film laburra estreinatuko dute bertan. Migueltxo Molinak (Iruñea, 1978), Pablo Iraburuk (Iruñea, 1969) eta Jon Maiak (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) zuzendutako lana da. Galan bertan aurten ere Zinemira saria eta euskal zineman izandako ibilbidea aitortzen duen ohorezko saria banatuko dira. Irailaren 23an, aldiz, David Perez Sañudok zuzendutako Alardea telesailaren estreinaldia izango da EITB Galan. Irungo eta Hondarribiko alardeetan emakumeak izandako parte hartzea aztertzen du lanak.

Azkenik, Arantza Santestebanek (Iruñea, 1979) ekoizpen fasean dagoen 918 gau proiektua aurkeztuko du jaialdiko WIP Europa atalean. Ikusmira Berriak egitarauaren barruan sortutako proiektua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.