Gose greban zen ezkerreko abokatu bat hil da Turkian

Ebru Timtik kartzelan zen, DHKP-C erakunde komunistaren aurkako prozesuetan espetxe zigor luzea ezarri baitzioten. Ospitalean hil da, Auzitegi Konstituzionalak aske uzteko eskaera atzera bota ondoren. Apirilaren 5ean hasi zuen gose greba beste abokatu batekin batera, epaiketa justu bat eskatzeko.

jon ordonez garmendia
2020ko abuztuaren 28a
08:57
Entzun

Turkian gose greban dauden ezkerreko abokatuetako bat hil egin da: Ebru Timtik. Apirilaren 5etik zegoen gose greban, Aytac Unsal beste abokatu batekin batera. Biak Herriaren Lege Bulegoa (HKK) ezkerreko erakundeko abokatuak dira, eta otsailetik preso daude erakunde horretako beste kide batzuekin batera.

DHKP-C erakunde komunistaren aurkako prozesuetan, zigor luzeak ezarri zizkieten abokatu horiei, Turkiako terrorismoaren kontrako legeak baliatuz, nahiz eta lekukoetako batek hainbat kontraesan izan. Hamahiru urteko zigorra ezarri zioten Timtiki «erakunde terrorista» bateko kide izatea leporatuta, eta epaiketa justu bat eskatzeko hasi zuten gose greba. Hainbatek salatu du abokatu gisa egindako lanagatik espetxeratu zutela Timtik.

HKK erakundeak berak eman zuen atzo Timtiken heriotzaren berri. Ostegunean jakinarazi zuen bihotzekoa izan zuela, eta Istanbulgo Sadi Konuk Ospitalaren atarian biltzeko deia egin zion jendeari. Bi abokatuak euren borondatearen kontra ospitaleratu zituzten.

Turkiako Auzitegi Konstituzionalak abuztuaren 14an ukatu egin zuen bi abokatuak aske uzteko eskaera. Ebatzi zuen ez zutela eskura informaziorik zioenik euren bizia arriskuan zegoela. Aurretik, ordea, Auzitegi Medikuntza Institutuak esana zuen bien egoera zela-eta ez zutela espetxean egon behar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.