Turkiak esan du beste hamar egunez luzatuko dituela Mediterraneo ekialdean gasa esploratzeko lanak

Greziak jarduera horiek baliogabetzeko urratsa egin du. Ankarak gaur hasiko ditu ariketa militarrak.

Gasa ustiatzeko lanak egiten ari den Oruç Reis ontzi sismikoa. TOLGA BOZOGLU / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 1a
11:57
Entzun

Greziaren eta Turkiaren arteko harremanak gaiztotuz joan dira azken hilabeteetan, eta baliteke Ankarak gaur iragarritako berriak haien arteko tentsioak areagotzea: izan ere, Turkiak jakinarazi du beste hamar egunez luzatuko dituela Mediterraneo ekialdean gasa esploratzeko egiten ari diren jarduera polemikoak. Azkar erantzun du Greziak, eta lan horiek baliogabetzeko abisua helarazi du, Turkiaren jarduerak «legez kanpokoak» direla argudiatuta; eremu hori bere menpekoa dela salatzen du. Kanpo Arazoetako Ministerioak adierazi duenez, operazio horrekin Turkia «asaldura eta ezegonkortasuna» sortzen ari da eskualdean, eta segurtasuna «ahultzen».

Hain zuzen, Zipretik gertu topatutako gas hobi baten ondorioz piztu dira bi herrialdeen arteko azken liskarrak. Ankarak 320.000 milioi metro kubo gas topatu ditu han. Aurkikuntza oinarrizkoa da Recep Tayyip Erdogan presidentearen herrialdearentzat; izan ere, azken hamarkadetako hazkunde ekonomikoa dela eta, herrialdeak gas ugari xahutzen du. Ankarak esportatu egiten du erregai horren zatirik handiena, eta, ondorioz, gasa erostera bideratu behar du bere aurrekontuen zati handi bat. Mediterraneo ekialdean topatutako hobiak, ordea, gas esportazioen merkatuan sartzea ahalbidetuko lioke herrialdeari, eta horrek bultzada bat emango lioke ekonomiari.

Greziak, ordea, salatu zuen «legez kanpokoak» direla ustiaketak, Zipre inguruko itsas eremua bere menpekoa delako. Turkiak, berriz, ohartarazi zuen Mediterraneoan, Itsaso Beltzean eta Egeo itsasoaren gain dituen eskubideak baliatuko dituela.

Europako Batasunak, hasieran behintzat, Atenasen jarrera babestu du, eta Turkiari zigorrak ezartzea aztertzen ari da. Halere, bi aldeei hainbat aldiz dei egin die negoziazio mahaira itzultzeko.

Bestalde, Turkiako Kanpo Harremanetarako ministro Mevlut Cavusogluek gaur esan du Ankara Greziarekin elkarrizketak izateko prest dagoela Mediterraneo ekialdeko eskubideen inguruan aritzeko eta desadostasunak konpontzeko. «Zoritxarrez, gure deiei jaramonik egin ez zaielako, beharrezko neurriak hartu behar izan ditugu» , gaineratu du. Era berean, Kastellorizo uharteko «presentzia militarra» gutxitzeko exijitu du Cavusogluek. Mediterraneo itsasoaren hego-ekialdean dago uharte hori, eta Greziaren lurraldearen parte bada ere, Turkiako kostaldetik bi kilometro eskasetara dago. «Kastelorizo uharteko militarizazioak akordioek ezarritako muga gainditzen badu, Greziak galdu egingo du».

Ariketa militarrak

Egoera horretan, Turkiak joan den astean iragarri zuen ariketa militarrak egingo zituela; gaur eta bihar ekingo die, benetako munizioa erabiliz. Frantziak Italia eta Greziarekin batera hiru eguneko maniobra militarrak iragarri ondoren eman zuen asmoaren berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.