HILBERRIA

Juanjo Goiriena hil da, EHUko errektore ohia

1991-1996 artean izan zen unibertsitateko errektore, eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari, 1996tik 2002ra. Medikua zen ikasketaz.

Juanjo Goiriena. JAKIUDE
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko irailaren 1a
13:07
Entzun

Goizaldean hil da Juanjo Goiriena (Gasteiz, 1948), EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohia. Medikuntza eta Kirurgia ikasi zuen Salamancako Unibertsitatean, eta doktore tesia EHUn bertan egin zuen. Hainbat unibertsitatetan jardun zen irakasle; besteak beste, EHUko Medikuntza Fakultatean. Ardura karguak ere izan zituen: Antolaketa Akademikoko errektoreorde izan zen Gregorio Monreal errektore zen garaian, eta Goiriena bera errektore izan zen 1991tik 1996ra. Besteak beste, EHUtik kanporatutako irakasleen afera izan zuen mahai gainean.

2005ean, EHUk 25 urte bete zituenean, egindako bideaz hausnartu zuen BERRIAn, eta ohartarazi zuen EHUk bazeukala hutsune handi bat: «Unibertsitatea sortu zen garaian, euskarari eta euskal kulturari heltzeko ilusioa geneukan guztiok. Hori ez da behar bezala egitea lortu, eta nik barru-barruraino sartuta daukat hori. Nire ustez, horri heldu beharko lioke berriro EHUk». Lortutako emaitzekin ere kritiko zen «Unibertsitateak autokritikoagoa izan behar du. Ikerketa kopuruan handitu du produkzioa. Baina Euskal Herrian egiten diren ikerketen %90 EHUtik sortutakoak direla esateak ez du balio. Gainera, gizartean egitura sozioekonomikoan batez ere sartzea eta gehiago ematea lortu behar du, horretarako giza baliabide baliotsuak badituelako».

EHUko errektore kargua utzita, Eusko Ikaskuntzako lehendakaritza hartu zuen Goirienak 1996an. Urrats asko iritsi ziren haren agintaldian: besteak beste, Auñamendi entziklopedia digitalizatzen hasi ziren, eta Euskonews sortu zuten. Jakiundeko kide ere bazen Goiriena 2007tik, akademia sortu zenetik.

Medikuntza izan du lan ardatz Goirienak, eta bi ikerketa lerro jorratu zituen: esfortzuaren fisiologia kirol medikuntzan eta gantz-ehunaren metabolismoa. Basurtuko Unibertsitate Institutu Medikua zuzendu zuen, Kirol medikuntzan espezializatua; Europako Zientzia eta Arteen Akademiako eta Medikuntzako Errege Akademiako kide izan zen. Sari ugari jasota joan da Goiriena; besteak beste, EHUren Urrezko Domina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.