Osasungintza

Lehen arretako aurrez aurreko kontsultak indartuko dituzte Nafarroan

Osasun Sailak ohiko jarduerara itzultzen hasi nahi du irailean.

Santos Indurain Osasun kontseilaria, agerraldi batean. JESUS DIGES/EFE
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko irailaren 1a
13:14
Entzun

Santos Indurain Osasun kontseilariak parlamentuan eginiko agerraldian azaldu du irailetik aurrera neurri berriak hartuko dituztela, lehen arretako aurrez aurreko kontsultetara itzultzen hasteko: denborak eta ordua hartzeko prozedurak egokituko dituzte. Kontseilariak zehaztu du helburua «irisgarritasuna hobetzea» dela, eta, horretarako, pazientearen beharretara egokitzen den eredu bat ezartzeko asmoa dutela. 

Aldi berean, gaixoen arretarako administrazioko langileak formakuntza jasotzen hasiko dira irailean. Indurainek azaldu du formakuntza horien bitartez paziente bakoitzari bere beharren arabera dagokion profesionalik egokiena esleitzea lortu nahi dela, «modurik irisgarri, erraz eta eraginkorrenean». Gainera, telefono bidezko arreta emateko zailtasunik handienak dituzten osasun eremuetako egoera ere aztertuko dute.

Bigarren olatuari aurre egiteko «prest»

Nafarroako osasun sistema COVID-19aren bigarren olatuari aurre egiteko «prest» dagoela esan du Maria Txibite presidenteak SER irratian eginiko elkarrizketa batean. Presidenteak onartu du azken egunetako kasuak ugariak direla, baina egungo egoera pandemia hasieran izandakoaren oso bestelakoa da: «Orduan 500 pertsona zeuden ospitaleraturik, orain 70 dira». 

Ostiralean ekingo diote ikasturte berriari Nafarroan, eta gobernuak ez du egun hori atzeratzeko asmorik. Halaber, kezka adierazi du Txibitek: «Baditugu datu batzuk, Tuterako osasun eremukoak bereziki, kezkagarriak direnak, ez dut kontrakorik esango». Hain zuzen ere, egoera epidemiologikoa «larriena» den eremuetan testak egingo dizkiete hezkuntzako langileei, eta, oro har, baita osasun egoera zaurgarriena dutenei ere. Irizpide horien alde agertu da presidentea. Izan ere, Txibiteren ustean, irizpiderik ezarri gabe proba masiboak egiteak ez du emaitzarik ematen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.