ZALDIBARKO ZABORTEGIKO LUIZIA

Amiantoa behar bezala isolatuta zegoen Zaldibarren, Ingurumen Sailaren arabera

Eusko Jaurlaritzaren teknikari batek txosten batean nabarmendu duenez, ez dute identifikatu ingurumen baimen integratuak (IBI) baimendutakoez besteko hondakinik

Hainbat behargin A-8an, luizia gertatu zen egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2020ko irailaren 2a
13:13
Entzun

Ā«Ez da identifikatu ingurumen baimen integratuak ezarritakoez bestelako hondakinikĀ», nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren teknikari batek, Zaldibarko Verter Recycling zabortegiak biltzen dituen hondakinei buruz osatutako txostenean. Beraz, hori kontuan hartuta, ondorioztatu behar da amiantoa behar bezala isolatuta zegoela, eta otsailaren 6an gertatutako luiziaren ondoren A-8 autobidean amiantoa topatu baldin bazuten lur jausiaren eraginez izan zela. Topatutako amiantoak Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze luiziaren ondorioz desagertutako beharginen bilaketa lanak eten zituen hasiera batean.

Eldiario.es egunkari digitalak eman du Hipolito Bilbaok sinatutako 53 orrialdeko txostenaren berri. Informazio horren arabera, argazki gehienek erakusten dute zabortegia zein egoeratan zegoen otsailean eta martxoan.

Verter Recycling-ek 70 hondakin mota jasotzeko baimena zuen. Hondakindegia ireki zutenetik zazpi ikuskaritza egin zizkioten, eta denak gainditu zituen. Iazko udan egindakoaren ondoren, ordea, ikuskatzaileek hainbat irregulartasun detektatu zituzten, eta zigor espediente bat ireki behar zioten enpresari. Kontuan hartu behar da, gainera, Jaurlaritzak 33.000 euroko isuna ezarri ziola Verterri 2012an, baimenik gabe material toxiko bat biltzeagatik.

Bi prozedurak bateratuta

Bestetik, auziaren prozedura judizialari dagokionez, zabortegiko luiziarekin loturiko bi delituak epaile berak ikertuko ditu. Durangoko epaile dekanoak hala aginduta, herriko lehen instrukzio epaitegiak hartuko ditu bere gain bi prozedurak: pertsonen aurkako delitua eta ingurumen kaltearena. Mugimendu horrek epaibidea arindu beharko luke, froga eta lekukotza berdinek bi ikerketetarako balioko dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.