ESK-k eskatu du beste hiru opositore ikertzeko

Azterketen filtrazioengatik anestesista espezialitaterako lan eskaintza publikoan «onurak» izan zituztela uste du sindikatuak. 24 lagun ari dira orain lekuko gisa mintzatzen epaitegian, eta sindikatuak ontzat jo du hori.

Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoko azterketa bat, 2019an. JUANAN RUIZ / FOKU
Maider Galardi
2020ko irailaren 2a
14:32
Entzun

Asteartean hasi zen Osakidetzako 2016-2017ko LEP lan eskaintza publikoetako iruzurraren auziaren fase berri bat, eta 24 lekuko pasatuko dira datorren egunetan epailearen aurretik, LAB sindikatuak eskatuta. Asmoa da oposizioetan izena eman zuten hainbat kide eta bestelako jardueretan aritu ziren pertsonan batzuk —aztertzaileak, ustez gardentasuna bermatzeko protokoloaren egilea, Osakidetzako ardura postuetako langileak...— galdekatzea, eta, beharrezkoa izango balitz, inputatzea.

LABek, esaterako, epaileari eskatu dio garai hartan Osakidetzako zuzendaritzan zeudenak inputatzeko —tartean Jon Darpon, 2012 eta 2019 artean Jaurlaritzako Osasun sailburua izandakoa, eta Maria Jesus Mugika Osakidetzako zuzendari nagusi ohia—. Eta gaur ESK-k beste eskaera bat egin du: anestesista espezialitateko LEPean parte hartu zuten hiru mediku azter ditzatela, argitzeko ea filtrazioen «onuradunak» izan ote ziren. 

Lekukoen testigantzetan oinarritu da sindikatua eskaera hori egiteko: «Deklarazioen ostean, ESK-k berresten du bere ikuspegia: onuradunak izan zirela filtrazioengatik, nahiz eta ukatu duten azterketa lehenago jaso izana». Sindikatuaren ustez, kontuan hartu behar da zer nota jaso zuten azterketagile horiek, eta eskatu dute aztertzeko ESK-k epaile aurrean aurkeztutako notario akta, bertan azaltzen baita ikasle horien izena: «Gure ustez, klientelismo sare horren onuradunak izan dira, eta haien ekintzen bitartez sare hori iraunarazi dute».

Medikuak, atakan

Atzo, LABeko ordezkariak izan ziren Gasteizko epaitegian, eta bertan nabarmendu zuten azterketan izen ematen duten medikuen egoera ere ez dela samurra: «Osakidetzako langileen artean, behin-behinekotasunik handiena medikuen artean dago. Lehiaketa egitera doazenak badakite giltza zerbitzuburuak duela, eta, beraz, haiei men egin besterik ez dute askotan». Medikuak, hortaz, kaltetu «handienak» direla ohartarazi zuten.

Gaur segituko dute lekukoek epaile aurrean hitza hartzen. Astelehenera arte, guztira, hamasei testigantza entzun ahal izango ditu epaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.