Bera Bera 24-28 Elx

Bera Berak agur esan dio Kopari

Imanol Alvarezen taldeak ez du egun ona izan, eta final-laurdenetan geratu da kanporatua. Elxen defentsa ona gainditu ezinik aritu dira gipuzkoarrak.

ainara arratibel gascon
2020ko irailaren 3a
14:17
Entzun

Faboritoa zen, eta berriz Espainiako Kopako titulua eskuratzeko hautagai nagusia. Baina ez da posible izan. Super Amara Bera Berak lehen neurketan esan dio agur Espainiako Kopako azken faseari, Elxen aurka 24-28 galduta. Txapelketa maiatzean jokatzekoa zen, baina, koronabirusaren pandemia tarteko, bertan behera geratu zen. Imanol Alvarezen jokalariek esana zuten Elxen aurkako neurketa ez zela erraza izango. Aurreko sasoian bigarren izan zen Herrialde Katanaletako taldea, eta oraingoan ere goian egoteko hautagai nagusietako bat da. Bestalde, pandemiak eragindako eten luzearen ondoren, ikuskizun zegoen nola hasiko ziren lehiatzen taldeak.

Bada, Bera Bera ez da ondo hasi. Elx hasieratik jarri da markagailuan aurretik, eta Bera Bera kontrakarrean aritu da. Kataluniako taldea 0-2 aurreratu da. Musonsek min handia egin dio talde gipuzkoarrari lehia hasieran. Bera Beran erasoan Pizzo ibili da batez ere fin. Baina Alvarezenek eutsi egin diote, eta, Maitane Etxeberriaren gol bati esker, aurretik ere jarri dira 16. minutuan: 8-7. Bazirudien Bera Bera partidan sartzen ari zela pixkanaka. Baina Elx aurkari deserosoa da, eta berean jarrraitu du. Erasoan asmatuz, eta batez ere defentsan zulo gutxi utziz. Bera Berari kosta egiten zitzaion golak sartzea.

Atsedenaldira 13-14 iritsi da aurretik Elx. Aldagelatik bueltan, gauzek okerrera egin dute Bera Berarentzat. Hor hautsi du partida talde kataluniarrak. Jokaldiz jokaldi, aldea handituz joan da, eta zazpi golen aldea lortu du: 20-27. Adorez, partidari buelta ematen ahalegindu dira gipuzkoarrak, baina ez dute lortu. Nahiz eta azken txanpan apur bat murriztu duten aldea: 24-28. Imanol Alvarezek berak ez dio porrotari aitzakiarik jarri. "Ez gara ondo aritu. Elxek partida ona jokatu du, eta ez dugu asmatu haren defentsa lan onari aurre egiten". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.