Frantziako Tourra

Peters nagusi, Pirinioetako etapa ikusgarrian

Ihesaldiari etekina atera dio frantziarrak, Tourreko zortzigarren etapan. Pinot jokoz kanpo gelditu da, eta Pogacarrek 40 segundo berreskuratu ditu. Yatesek sufrituta eutsi dio elastiko horiari.

enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 5a
18:53
Entzun

 

Mamitsua izan da oso Pirinioetako lehen etapa. Nans Peters (Ag2r) izan da helmuga igarotzen lehena, ihesean erakustaldia eginda. Eta oilarren artean, eraso festa izan da. Gehienak batera helmugaratu dira, baina aurreko etapa menditsuen aldean, bestelako bizitasuna izan du gaurkoak. Eguneko galtzaile nagusia Thibaut Pinot (Groupama) izan da, harrigarriki amildu ostean. Etekinik handiena, berriz, Tadej Pogacarrek (UAE) lortu du, 40 segundo atera baitizkie gainontzeko hautagaiei.

Bestalde, garbi ikusi da Primoz Roglic dela Jumbo Vismaren liderra, lanean aritu baita Tom Dumoulin. Halaber, Egan Bernalen ezina ere agerian gelditu da. Ineos ez da azken urteetako berbera, eta horrek on egiten dio ikuskizunari. Adam Yates (Mitchelton) ere estu eta larri ibili da maldan gora, baina iraun egin du onenekin. Hala, eutsi egin dio maillot horiari.
Ihesaldiak baimen osoa izan du laster osatu eta bidea egiteko. Hamahiru txirrindularik egin dute aurrera; horien artean zeuden, besteak beste, Ilnur Zakarin (CCC), Benoit Cosnefroy (Ag2r), Nans Peters (Ag2r), Ben Hermans (Israel), Soren Kragh Andersen (Sunweb), Neilson Powless (Education First), Carlos Verona (Movistar) eta Toms Skujins (Trek). Inork ez zion mehatxu egiten lasterketako lider Adam Yatesi, beraz, jazarpenari uko egin dio Mitcheltonek. Mantso gidatu du tropela, zalaparta Bales (11,7 kilometro eta %7,7ko pendiza) eta Peyresourderako (9,7 kilometro, %7,8) utzita.

Hala, pedalkada bakoitzarekin handitu egin dira aurrekoen aukerak. 25. kilometrorako, iheslariek jada zazpi minutuko aldea zuten; 40. kilometrorako, hamar minutukoa; eta 50.erako, hamabikoa. Garailea lasterketa buruko multzoan zegoen. Hortaz, gehiegi estutu behar gabe iritsi dira Mentera, eguneko lehen mendatera (6,9 kilometro, %8,1). Batera igo dute, eta azken metroetan puntuak biltzeko esprinta egin du Cosnefroyk, mendiko sailkapeneko liderrak. Ez du aurkaririk izan. Tropelean, berriz, oso bare zeuden gauzak. Mitcheltonen erritmoa oso astuna zen, eta gainontzeko taldeek oraindik ez zuten ekimena hartu nahi.

Agertokia aldatzen hasi da Balesera bidean. Jumbo lanean jarri da, zati erabakigarrian berriz ere agintea izateko asmoz. Eta ihesaldian, bakarkako saiakera ausarta egin du Jerome Cousinek (Total Direct), aurrez hirugarren etapan egin bezala. Minutu bateko aldea zabaldu du, eta buruan izan da, harik eta Balesen sua piztu den arte. Multzoa aletu egin da Zakarin eta Petersen erritmo aldaketen ondorioz. Tartaroa eta frantziarra izan dira indartsuenak Balesen; gainean, minutu erditik gorako aldea zuten Skujins, Kragh Andersen, Powless eta Veronak osatutako laukotearekin.
Faboritoen multzoan, Pinoten ezinak sortu du harrabotsa. Frantziarraren gorabeherak bukaerarik gabeko soka dira: bezperan oso fin moldatu zen haize babesetan, baina gaur, Tony Martinen (Jumbo Visma) erritmoak utzi du jokoz kanpo. Zortzi minutuko atzerapenarekin igaro du Baleseko gaina. Bat gutxiago.

Lehia bizia Peyresourden

Wout Van Aertek (Jumbo Visma) luzatua eman dio onenen taldeari Baleseko azken kilometroetan, eta Peyresourden, Dumoulinek hartu dio lekukoa. Gogor estutu du herbeheretarrak, eta lasterketa apurtzen hasita zenean, erasoa jo du Pogacarrek. Haren gurpilera Quintana eta Roglic atera dira. Elkarri begira gelditu dira, eta atzetik zetozenek harrapatu egin dituzte. Pogacarrek beste bi aldiz jo du, eta ihes egin du azkenean. Landa, Porte eta Martin ere saiatu dira, baina ez dira urrutira iritsi. Bernal eta Yates, berriz, kinka larrian izan dira.  

Ordurako, lasterketa buruan bakarrik zen Peters. Balesen behera aldea atera dio Zakarini, eta Peyresourden tinko eutsi dio. Begi-bistan izan du CCCkoak, baina bete egin da azkenean. Hala, garaipen handia lortu du Petersek; bigarrena du itzuli handietan, iaz Italiako Giroan lorturikoaren ondotik. Haren atzetik, Skujins eta Verona iritsi dira helmugara.
Onenen artean, ausardiak saria ekarri dio Pogacarri, bezperako atzerapena hein batean arintzea lortu baitu. Bardeti 38 segundo atera dizkio, eta 40 segundo hautagai nagusien multzoari. Bertan sartu dira oilarrik gehienak, Emanuel Buchmann (Bora), Enric Mas (Movistar) eta Richard Carapaz (Ineos) izan ezik.

Sailkapen nagusiko lehiak jarraipena izango du bihar, Pirinioetako bigarren eta azken etapan. Paue eta Laruns artean jokatuko da, eta lau mendate izango ditu, horietatik bi lehen mailakoak: Hourcere (11 kilometro, %8,8) eta Marie Blanque (7,7 kilometro, %8,6). Azken horrek helmugatik hemezortzi kilometrora du gaina, eta gainsariak izango dira bertan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.