Arrauna. Kontxako Bandera

Uneoro 08:00ak

Triste eta isilik dago giroa Donostiako portuan. Zalerik ez dago, eta ez du ematen Kontxako Banderaren lehen jardunaldia denik. 

Donostiako portua, igande goizean. BERRIA
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 6a
09:57
Entzun

Kontxako Bandera, aurreko edozein urtetan: 

08:00ak dira, eta Donostiako portuan ez da giro handirik. Arraunlariak ari dira azaltzen. Traineruak prest daude, baina oraindik uretara joateko doitu gabe. Oso urria da jendearen joan-etorria, ez du inolako zerikusirik ordu gutxiren buruan izango duen itxurarekin. Azalduko da jendea, antzemango da zaleen olatua, bakoitza bere herriko taldearen edota gustuko traineruarekin koloreak soinean dituela. Ez da alferrik tostako arraunaren egun handia. Gainezka egingo du giroak laster. 

Kontxako Bandera, 2020ko irailaren 6a:

08:00ak dira, eta apenas antzematen da mugimendurik Donostiako portuan eta inguruetan. Nahiz eta estropada ordubete aurreratu, eta 10:00etan hasi, ez da jendearen mugimendurik. Bulevardera doazen kaleetatik ez da inor sartzen. Ez dago arraunzaleen kolorerik. Ez dator inor. 

Portura sartzeko sarbideak itxita daude. Hesituta. Petodun gazteak daude sarbideak zaintzen, baimenik gabeko inor ez sartzeko. Gizonezko bat kexu da sarbideetako batean, ez duela ulertzen zergatik ezin duen barrura sartu. Bitartean, baimena dutenak barrura doaz: klubetako ordezkariak, batetik, eta itsasontzietan itsasoratu eta estropada ikusteko aukera dutenak, bestetik. 

Arraunlariak kaian dira, bakoitzari antolakuntzak ezarritako gunean, txintxo asko. Nola inoiz baino goizago hasiko den estropada, protagonista bakarrak prestatzen ari dira: traineruak garbitu, entrenatzaileen azken aholkuak eta aginduak entzun eta abar. Beste urteetan, jendearen solasaldia eta zarata inguruan izaten zuten, baina aurten ez.

Alderik nabarmenena arranplatik behera itsasoratzean antzematen dute arraunlariek: isilik eta bakarrik jaisten ari dira uretara, trainerua bizkarrean hartuta. Hainbesteko bultzada ematen dien eta sekulako zirrara astindua eragiten dien babesik ez dute aurten. Bakarrik dira aurten. Aurreko urteetan, Donostiako portura goizean goiz heldu eta izaten ziren bezala. Estropada hastera doa, 10:00ak gainean dira, baina Kontxako beste edozein igandetako 08:00ak direla ematen du. Isiltasunak min ematen du. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.