Koronabirusa

Indiak Brasil gainditu du kutsatuen kopuruan

Goranzko joera zorrotzean dute COVID-19aren kasuen kurba: guztira, 4.204.613 positibo atzeman dituzte, eta 70.000 lagunetik gora hil dira.

Indiako herritarrak maskara jantzita. JAGADEESH NV / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 7a
11:51
Entzun

Koronabirusaren bigarren olatua mundu osoa irensten ari da, eta estatuen artean kezka da nagusi. Bada, badago egoera bereziki larrian dagoen herrialde bat: India. Azken asteetan kutsatuen kopuruek nabarmen gora egin ondoren, Brasil gainditu du COVID-19aren kasuen kopuruan, eta munduan positibo gehien atzeman dituzten herrialdeen zerrendan bigarrena da: 4.204.613 kasu hauteman dituzte, eta 70.000 lagunetik gora hil dira.

Gainera, goranzko joera zorrotzean dute kutsatuen kurba, eta inoiz baino kasu gehiago baieztatu dituzte azken astean. Argia da ondorioa: azkar ari da hedatzen birusa, eta alarma piztea eragin du horrek. Horiek horrela, gaur emandako datuak ere ez dira onak: Indiako Osasun Ministerioaren arabera, 90.802 kasu atzeman dituzte azken 24 orduetan, pandemia hasi zenetik orain arte egun bakar batean hautemandako gehien.

Indiako agintariak, hala ere, baikorrak dira pazienteen suspertze tasari dagokionez. Osasun Ministerioak jakitera eman duenez, kasuen %77,3 sendatuta daude.

Landa eremuak

Duela bi aste, Xabier Orueta Vicente Ferrer erakundeko kideak ohartarazi zuen COVID-19a landa eremuetan zabaltzen ari dela Indian, eta horrek eragin «latza» izan dezakeela. Pandemiari aurre egiteko lanean ari dira, eta sentsibilizazioaren garrantzia azpimarratu zuen; baita estigmaren arriskua ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.