Hirigintza

Egungo egoerara egokituko diren hirigintza ereduak aztergai Tafallan eta Artaxoan

Nafarroako Gobernuak ‘Hirigintza COVID garaietan: espazio publikoak gaitu eta eraldatzea’ izeneko jardunaldiak antolatu ditu. Hilaren 17an eta 18an eginen dituzte.

Iruñeko Armada etorbidea. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 7a
12:55
Entzun

Herri eta hiriak espazio jasangarriagoak izateko modua aurkitzea dute helburu Tafallan eta Artaxoan eginen dituzten jardunaldiek. Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak antolatu ditu jarduerak, eta zenbait hizketaldik, eztabaidagunek eta lantegik osatuko dute egitaraua, besteak beste. Jose Maria Aierdi kontseilariak azaldu duenez, koronabirusaren krisiak agerian utzi du beharrezkoa dela «espazio publikoak eraldatzea», eta, dioenez, «ingurune orekatuak eta aldaketekiko malguak direnak» lortzea da horretarako bidea.

Datorren asteko ostegun arratsaldean hasiko dira jardunaldiak, irailaren 17an, Tafallako Kulturgunean. Bertan izanen diren hitzaldi eta topaketen bidez hirigintza ereduen gainean gogoeta egitea dute asmo nagusia. Esate baterako, espazio publikoen kalitatea, herri eta hirien diseinua eta arkitektura izanen dituzte mintzagai. Ostiral arratsaldean, Artaxoan izanen dira; herrian barrena ibilaldia eginen dute Maria Urmeneta arkitektoak lagunduta, espazio publikoei erreparatu eta haien gainean hausnartzeko.

Jesus Arrizubieta Tafallako alkateak azpimarratu du «biziki premiazkoa» dela hirigintzan kohesio sozialari «behar adinako garrantzia» ematea. Azaldu duenez, biztanleriaren zahartzea da herriak gaur egun dituen erronka nagusietako bat. 10.600 lagun inguru bizi dira Tafallan, eta horietatik 2.500 pertsona inguru 65 urtetik gorakoak dira orain. Besteak beste, eskatu du hain justu errealitate horretara egokituko den hirigintza eredu baten gainean hausnartu dadila. «Hirigintza berritzaile bat behar dugu, herrian ditugun arazoei eta erronkei aurre egiteko irtenbideak bilatzeko», adierazi du Arrizubietak.

Halaber, Artaxoako alkate Juan Ramon Elorzek gaineratu du Artaxoaren kasuan «arretaz» erreparatu behar zaiola, herritarren zahartzeari ez ezik, baita etxebizitzen zahartzeari ere. «Herritarren bizimodua ez da garai batean genuena bezalakoa, eta etxebizitzak gaur egungo baldintzetara egokituak izan behar dira», esan du Elorzek. Dioenez, hori gertatzen da eremu bereko beste zenbait herritan ere; Uxuen, adibidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.