Myanmarko bi militarrek aitortu dute rohingyen aurkako erasoetan parte hartu zutela

Armadako goi kargudunen aginduetara aritu zirela adierazi dute, eta etnia horretako kide guztiak «hiltzeko» eskatu zietela.

Rohingyak Bangladeshko errefuxiatuen kanpalekuan, Cox's Bazarren. STR
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 9a
12:44
Entzun

Hiru urte dira Myanmarrek rohingyen aurkako sarraskia egin zuela, eta bi militarrek orain aitortu dute gizadiaren kontrako krimenak egin zituztela gutxiengo musulmana diren etnia horren aurka. Jakinarazi dutenez, armadako goi kargudunen aginduetara jardun zuten, eta eskatu zieten rohingya guztiak «sarraskitzeko», «entzuten eta ikusten zuten guztiari tiro egiteko» eta etnia horretako kide guztiak «hiltzeko».

Myo Win militarrak onartu du hainbat herri suntsitu, sexu erasoak egin, eta 90 eta 100 zibil artean hil zituela Rakhine estatuan, 2017ko irailean. Zae Naing Tunek, berriz, esan du gutxiengo musulmanak bizi ziren hogei herrixka inguru suntsitu zituela, eta parte hartu zuela 80 zibilen hilketan, tartean «haurrak eta emakumeak». Hedatutako bideo baten bitartez aitortu dituzte krimenak.

Fortify Rights gobernuz kanpoko erakundeak atzo galdegin zuen bi militar horiek Nazioarteko Zigor Auzitegiak (NZA) auzipetuak izatea, eta esan zuen gorteak lekukoak babesteko programa bat eskaini beharko liekeela bere nagusien aurka testigantza eman dezaten. «Rohingyentzat eta Myanmarko herriarentzat une garrantzitsua da justiziaren aldeko borrokan», adierazi zuen Matthew Smith erakundeko zuzendariak. «Gizon horiek Myanmarren egindako sarraskiengatik Nazioarteko Zigor Auzitegian epaitutako lehen erasotzaileak eta auzitegiaren zaintzapean dauden lehen lekuko zuzenak izan daitezke», azpimarratu zuen.

Lekukotasuna eman duten bi militarrak desertoreak direla adierazi zuen erakundeak, eta krimenak onartzen zituzten bideoak Arakan Armadak grabatuak izan zirela; Myanmarko Gobernuak terroristatzat ditu, eta armadak talde horren aurka borrokan dihardu Rakhine eskualdean.

Halaber, soldaduek rohingyen aurkako sarraskian parte hartu zuten armadako beste hamazazpi kideren izenak ere eman dituzte, eta horien artean daude sei goi komandante.

Gobernuz kanpoko erakundearen arabera, bi militarrak dagoeneko Nazioarteko Zigor Auzitegiaren zaintzapean daude. 2018ko irailean, Fatou Bensouda NZAko fiskalburuak baimena jaso zuen Rakhine estatuan egindako gizateriaren aurkako krimenengatik ikerketa bat hasteko. Erabakia NZAko magistratuek epaitegiak jurisdikzioa duela baieztatu ostean hartu zuten. Myanmarrek, berriz, baztertu egiten du ikerketa hori.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.