Eusko Jaurlaritza

Emakunde berriro lehendakaritzari atxikita egotea eskatu diote Urkulluri

Idatzi bat sinatu dute Txaro Arteagak eta Itziar Fernandezek, Emakumearen Euskal Erakundeko aitzindariek, lehendakariari eskatzeko hartutako erabakia berriz azter dezala. Euskal Herriko 34 talde feministak ere erabakia salatu dute. Artolazabalek «konfiantza» eskatu dio mugimendu feministari.

Txaro Arteaga Emakundeko lehen zuzendaria, artxiboko irudi batean. JON URBE/ FOKU
Edurne Begiristain.
2020ko irailaren 10a
10:21
Entzun

Txaro Arteaga Emakundeko lehen zuzendaria izan zen–1988tik 2005era–, eta Itziar Fernandez, lehen idazkari nagusia –1988tik 1999ra–. Agiri bateratu bat sinatu dute biek, Iñigo Urkullu lehendakariari eskatzeko Emakunde berriro lehendakaritzari atxikita egotea. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren egituraketa berrian, lehendakaritzatik kanpo geratu da Emakunde, eta Berdintasun eta Gizarte Gaien Sailaren esku egongo da aurrerantzean. «Ez genuke sekula uste halakorik gerta zitekeenik». Hitz horiekin hasi dute idazkia Arteagak eta Fernandezek. Gogoratu dute 1988an Emakundeko zuzendaritzako arduradun izendatu zituztela eta hura martxan jarri zutela, lehendakaritzari atxikitako erakunde autonomo gisa. Hain justu, erakundearen izaera autonomo horren balioa azpimarratu dute biek ala biek: «Emakunde, gure herrialdeko emakumeen borrokaren emaitza instituzionala, gure historiaren zati bat da. Eta lehen zutabe instituzional hori Estatuko gainerako lekuetan eredua izan zen, hain zuzen ere, Lehendakaritzari atxikitako erakunde gisa genero politika transbertsalak ezartzeagatik». Uste dute Emakundek politika feministetan «erreferente» bat izaten jarraitu behar duela, horixe delako berdintasun politikak babestu zituzten eta babesten jarraitzen duten emakumeek eta gizonek espero dutena.

Hori guztia esanda, Urkulluk Emakunde Lehendakaritzatik ateratzeko hartutako erabakia «harriduraz» hartu dute Arteagak eta Fernandezek: «Demokrazia herrialde politiketatik soilik eraiki daitekeen garai honetan, zeinetan pertsonen bizitzan eragiten duten faktore sozial, kultural eta ekonomikoen aniztasunari datxekion konplexutasun guztia barne hartzen duten, harritzen gaitu Emakunde bezalako erakunde bat herrialdearen helburuak proiektatzen diren toki instituzionalean inskribatuta ez egoteak».

Etorkizun «zalantzagarria» ikusten dute Arteagak eta Fernandezek, eta uste dute lankidetzak, elkartasunak eta pertsonen bizitza erdigunean jarriko duten politikek emango diotela bidea datozen belaunaldientzako gizarte bidezkoago bati.  Emakunde «herria sortzeko» ezinbesteko tresna instituzionala dela iritzi diote Arteagak eta Fernandezek, eta, horregatik, lehendakariari galdegin diote hartutako erabakia berriz azter dezala eta, beraz, Emakunde berriro egon dadila lehendakaritzaren barne.

Talde feministen salaketa
Bestetik, Euskal Herriko 34 talde feministak, tartean pandemiaren harira sortutako Bizitza Erdigunean plataforma, gogor kritikatu dute Emakunde lehendakaritzatik ateratzeko erabakia, agiri bateratu batean. Uste dute «hanka sartze itzela» dela, eta Eusko Jaurlaritzari galdegin diote erabakia «ahalik eta lasterren» zuzentzeko. Talde feministen iritziz,  erabakiak «bigarren mailan» kokatzen ditu berdintasun politikak, eta «emakumeen arazoak» konpontzeko politika espezifiko gisa tratatzen ditu; finean, «gobernuaren praktika osoan eragiteko gaitasuna» kentzen du.

Gogoratu dute, halaber, 1995ean Beijingen egin zen Emakumeen Munduko IV. Konferentzian parte hartu zuten estatuek erabaki zutela berdintasunerako unitateak gobernuetako lehendakaritzetan kokatu behar zirela, politika publikoaren zentralitatea hartu ahal izateko eta mainstreaming deritzon estrategia edo genero zeharkakotasuna deitu izan dena garatzeko. Irizpide horrekin bat, 1998an, Emakunde sortzeko legean, erakunde hori lehendakaritzari atxiki zitzaion, eta hor jarraitu du orain arte. Haatik, salatu dute Urkulluk «gainerako sailetan eragiteko gaitasunik ez duen sail batean» kokatu duela.

Agiria sinatu duten talde feministek gogoratu dute, aurreko legealdian Berdintasunerako Legea aldatzeko eta zabaltzeko lege proiektuari ekin ziotenean, bertan jasotzen zen administrazio publiko guztietako berdintasun unitateek «posizio organikoa» eta «harreman funtzional egokia» izan behar zutela, erabaki politikoak hartzeko orduan modu eraginkorrean eragin ahal izateko eta helburuak betetzeko behar besteko aurrekontua izateko. Eta berdintasun politikak lehendakaritza barruan kokatzea ekartzen du horrek, talde feministen aburuz.

Salatu dute, halaber, Urkulluren erabakiak erakusten duela krisi garaian emakumeek eta berdintasun politikek «beren lekura» itzuli behar dutela, hau da, zaintzara, etxera, sukaldera, edo kontratu partzialetara.  «Lehendakariaren erabakiak agerian utzi du ez dagoela konpromisorik berdintasun politika eraldatzaileak martxan jartzeko, emakumeen egoera hobetzeko, eta gizarte berdinzaleago eta bidezkoago baterantz urratsak egiteko». Haien ustez, administrazio publikoen lehentasuna izan behar du bizitza duinak bermatzeak eta horiek posible egiteko bitartekoak jartzeak, eta horregatik dei egin diete talde eta eragile feminista guztiei euren salaketarekin bat egiteko.

«Aukera bat eman»
Jaurlaritzaren berregituraketak sortutako kritiken artean, Emakunderen egoitza nagusiari bisita egin dio gaur Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Berdintasun eta Gizarte Gaietako sailburuak. Izaskun Landaia Emakundeko zuzendariarekin eta Zuriñe Elordi idazkari nagusiarekin bildu da han, eta, bilera amaituta, mugimendu feministari eskatu dio «konfiantza» izateko eta «aukera bat emateko». Berdintasun politiketan atzerapausorik ez dela emango gertutik zaintzeko ere galdegin die talde feministei.

Horrez gain, azpimarratu du Emakundek  organismo «autonomoa» izaten jarraituko duela, eta Urkulluk segituko duela zuzendaritza batzordeko presidente izaten. Halaber, ziurtatu du Jaurlaritzaren egitura berrian bere departamentuak babestu egingo duela erakundearen lana, eta haren parte hartzea bermatuko duela. Artolazabalen esanetan, lehentasun politiko, instituzional eta soziala daukate emakumeen eta gizonen arteko berdintasunak eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako borrokak, eta, arlo horietan, Emakundek «erreferentziazkoa» izaten jarraitu behar du.

Izaskun Landaia Emakunderen zuzendariak, bestalde, azpimarratu du erakundea hasieratik lehendakaritzari atxikita egoteak bermatu egin duela berdintasunaren aldeko politika transbertsalak martxan jartzea. «Espero dugu egitura berriarekin bide beretik lan egiten jarraitu ahal izatea eta etorkizuneko erronkei erantzutea», esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.