Katalunia

Torra: «Eutsiko diogu gure herriaren askatasuna lortzeko borondateari»

Diada bezperan agerraldi instituzionala egin du Generalitateko presidenteak. «Estatu autoritario» baten gisan aritzea egotzi dio Espainiari.

Quim Torrak ekitaldi instituzionala egin du Diada bezperan. JORDI BEDMAR
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 10a
21:57
Entzun

Urtero moduan, Diada bezperan agerraldi instituzionala egin du Quim Torra Generalitateko presidenteak, eta ohartarazi du orain arteko bideari eutsiko diotela, «askatasunerako eta independentziarako» bideari: «Eusten diogu eta eutsiko diogu gure herriaren askatasuna lortzeko borondateari, gure herriaren osotasun nazionala lortzeko: independentzia». Hala, nabarmendu du bide horretan ez dutela inor alde batera utziko eta herritar guztientzako «herrialde hobea» eraikitzea izango dutela helburu.

Torrak gogorarazi du Kataluniaren historian etengabea izan dela «askatasuna berreskuratzearen aldeko borroka», eta nabarmendu du horrek iraungo duela itxaropenak irauten duen bitartean: «Itxaropen horrek berak mugitu zituen Kataluniako herritarrak urriaren 1ean, Espainiako estatuak demokrata baketsuen aurka egiteko baliatutako indarkeriari aurre eginez». Orduan gertatutakoaren ondorioz, egun preso eta erbestean dauden ordezkari politikoak ere gogoan izan ditu Torrak, eta «estatu autoritario eta mendekuzale» baten gisan jokatu izana leporatu zion Espainiako Gobernuari.

Generalitatearen jauregian grabatutako agerraldian, gogoan izan du duela 80 urte hildako Lluis Companys presidentea ere, eta haren hilketagatik oraindik barkamenik eskatu ez izana egotzi dio Madrili. «Espainiak ez du oraindik bere erantzukizuna aitortu. Ekitaldi ofizial bat egin behar du non Espainiako estatuburuak eta gobernuburuak, jendaurrean, barkamena eskatuko duten Companys presidenteari jazartzeagatik eta hura atxilotu eta fusilatu izanagatik, eta baita erbestean, kontzentrazio esparruetan eta Kataluniako espetxeetan hildako milaka herritarrengatik ere».

Torrak agerraldia baliatu zuen gizarteari «ahalegin gehigarri bat» eskatzeko, koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko asmoz. «Esfortzu eta sakrifizio handiko garaiak datoz, baina ziur nago indartuta irtengo garela iritsi den mundu berri honetara, non ezegonkortasuna egunerokoa bilakatuko den».

Pandemiak baldintzatuta

Bihar, urtero bezala, Diada eguna ospatuko dute Katalunian, baina aurtengoa berezia izango da, koronabirusak eragindako krisiak baldintzatua. Generalitateak, esaterako, bertan behera utzi du Companys presidentearen irudiari egin ohi dion lore eskaintza, eta urtero egin ohi diren manifestazioak ere moldatu egin behar izan dituzte erakundeek.

ANC Biltzar Nazional Katalanak Bartzelonan egingo du eguneko ekintza nagusia, Espainiako ogasunaren egoitza aurrean, Kataluniak bizi duen «bazterketa ekonomikoa» salatzeko. Ez da bakarra izango, ordea: hainbat hiri eta herritan deitu dute antzeko elkarretaratzeetara. Horrez gain, eskatu diete herritarrei 17:14etan etxeko balkoietara irteteko, baina xehetasun gehiagorik eman gabe. Hamabost minutu geroago, elkarretaratzeak egingo dituzte hainbat hiri eta herrietan, eta horien irudiak zabalduko dituzte komunikabideek eta sare sozialek. Horiek bukatutakoan, Omnium Culturaleko eta ANCko kideek hartuko dute hitza.

Geroagorako deitu dute elkarretaratzera CDRek, arratsaldeko 19:30etarako. Zigor itzazue lelopean, kontzentrazio bat egingo dute Bartzelonako Garaipenaren Arkuan, Generalitateari eskatzeko itzul dadila desobedientziaren bidera eta utz dezala alde batera «errepresioa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.