Koronabirusa

Soraluzeko institutua itxi dute

Ikasturtea hasi zenetik, sei ikastetxe itxi dituzte koronabirus kasuak direla eta. Bertze kasu batzuetan, ikastetxeak itxi ez, baina ikasgelak bakartu dituzte. 

Hainbat ikasle gelara sartzeko zain astelehenean, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
2020ko irailaren 11
10:38
Entzun

Ikasturtea hasi bertzerik ez da egin, baina koronabirusak eragin nabarmena izan du dagoeneko ikastetxeetan. Gaur goizean, Soraluzeko bigarren hezkuntzako institutua itxi dute, irakasle bati koronabirusa atzeman diotela eta. Positibo eman duen irakaslearen gertuko kontaktuei PCR testa egingo diete, eta emaitza horiek jakin ondotik erabakiko dute zer egin. Atzo goizean, Biriatuko eta Larresoroko (Lapurdi) eskolak itxi zituzten, bi eskoletan ere positibo bat atzeman zutelako. 

Ez dira itxita dauden ikastetxe bakarrak. Asteartean, ikasturtea hasi aitzinetik itxi zuten Bentades eskola (Mungian), bertako bortz langileri koronabirusa atzeman zietela eta. Azken orduko aldaketarik izan ezean, astelehenean irekiko dute. Gasteizen ere astelehenetik itxita dago Katagorri haur eskola, irakasle batek positibo eman zuelako. Zaldibarren ere itxi zuten ikastetxea asteazkenean, eta atzo egin zizkieten PCR probak hango langileei. Gaur erabakiko dute zer egin. 

Ikastetxe osoa itxi ez, baina ikasgelak bakartu zituzten hainbat eskolatan. Besteak beste, Hendaiako Lizardin eta Basusarikoan (Lapurdi); Murchanteko Mardones y Magañan eta Faltzesko Doña Alvara Alvarezen (Nafarroa); Donostiako Aldapeta Marian; Bilboko Jesuitak Indautxun eta Iruñeko Jose Maria de Huarten, Amaiur ikastolan, The British School of Navarran eta Cardenal Ilundainen. 

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburu izendatu berriak prentsaurrekoa eman du gaur goizean, eta nabarmendu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 bat ikastetxetan izan duela eragina koronabirusak, eta horietako lau daudela itxita. Datu argigarria ere eman du Bildarratzek: kutsatzeen  %80 helduetatik umeetara izan dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.