Koronabirusa

Sindikatuek protestara deitu dute Osakidetzan, langileen «muturreko egoera» salatzeko

Irailaren 18an eta 25en elkarretaratzeak egingo dituzte erietxeetan, eta, urriaren 3an, manifestazioa Bilbon. Irtenbideak eskatu dizkiote Sagardui Osasun sailburu berriari.

Sindikatuek antolatutako elkarretaratze bat Gurutzetako ospitalean, iragan ekainean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Andoni Imaz.
2020ko irailaren 11
12:11
Entzun

Datorren hastetik hasita, Osakidetzako langileek protestak egingo dituzte berriro, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta. Zenbait eskaera egin dizkiote Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari: langile gehiago kontratatzeko, haien baldintzak hobetzeko, pribatizaziorik ez egiteko eta langileen osasuna bermatzeko. Gotzone Sagardui sailburu izendatu berriari ohartarazi diote protestan jarraituko dutela arazo horiek konpondu ezean.

Sindikatuek argi dute non dagoen egungo egoeraren jatorria: «urteetako murrizketa politiketan». Adierazi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun sistema ahuldu egin dela, eta hori agerian geratu dela egungo osasun krisian. Hori suspertzeko, baliabideak eskatu dituzte: langileak eta materiala.

Salatu dute materiala lehen arreta zentroetan dela premiazkoena, han baitago «eskasiarik» handiena. Horregatik, lehen arretako lantokietan hasiko dute protesta. Elkarretaratzeak egingo dituzte hilaren 18an, 13:00etan. Irailaren 25an, berriz, elkarretaratzeak ospitale guztietara zabalduko dituzte. Azkenik, urriaren 3an manifestazio bat egingo dute Bilbon, eguerdian.

Ohar batean, sindikatuek Osakidetzarekin izan duten «elkarrizketarik eza» salatu dute, eta adierazi dute Osasun Sailak zuzendutako negoziazio kolektiboari buruzko politikak «negargarriak» izan direla. Agintariei eskatu diete inbertitzeko osasun publikoan: «Osasunean gehiago inbertitzeko borondate politikorik ez izateak honako hauek eragin ditu: murrizketak, arretaren kalitatearen galerak eta 11 urte lan baldintzen akordio arautzailerik gabe igarotzeak», haien esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.