Lan gatazkak

Artium museoko langileek ez dute greba mugagabea egingo

Adjudikazio lehiaketa hutsik geratu da, eta kontratu berriaren baldintzak aldatzea adostu dute Arabako Foru Aldundiarekin. Gaurko greba egunari eustea erabaki dute, halere.

Hainbat mobilizazio egin dituzte langileek museoan bertan. ELA
aitor biain
2020ko irailaren 11
12:16
Entzun

Gasteizko Artium museoko bisitarien arretarako langileek bertan behera utzi dute hilaren 15etik aurrerako deituta zuten greba mugagabea, ELA sindikatuak gaur goizean jakitera eman duenez. Hiru greba egun izan dituzte gaur arte, baina, adjudikazio lehiaketa hutsik geratu denez, kontratu berriaren baldintzak berritzea adostu dute Arabako Foru Aldundiarekin.

Bilera izan zuten atzo Ana del Val Foru diputatuarekin, eta bertan baieztatu zuten adjudikazio lehiaketa hutsik geratu zela. Hori horrela, adostu zuten kontratu berriaren baldintzak aldatzea eta langileen eskaerak bertan jasotzea. «Jokaleku berri batean gaude, eta gure helburuak bete direla ikusita, greba mugagabea bertan behera uztea erabaki dugu», aurreratu du Ane Romeo ELA sindikatuko ordezkariak. Hala ere, ituna sinatu eta baldintza berriak ezagutu artean, lan gatazka ez dela amaitu zehaztu du, eta, beraz, gaurko grebari eustea erabaki dute.

Iragan uztailean hasi zen lan gatazka Artium museoan. Hamasei langilek ematen dute bisitaren arretarako zerbitzua, baina azpikontratatutako enpresa bateko beharginak dira. Museoko zuzendaritzak kontratua berritu nahi zuen, eta, horretarako, beste lehiaketa publiko batera deitu zuen. ELAk salatu zuen, ordea, adjudikazio berriaren aurrekontua %20 txikiagoa zela aurrekoarekin alderatuta, eta, horren eraginez, hainbat lanpostu galduko zirela eta lan baldintzak «nabarmen» okertuko zirela. Museoak gezurtatu egin zuen hori.

Ordutik, hainbat mobilizazio egin dituzte museoan bertan, eta hiru greba egun ere izan dituzte. Romeok adierazi du «aste gogorrak» izan direla langileentzat, baina pozik daude lortutakoarekin. «Langileek azpimarratu dute gatazkak ahaldundu egin dituztela. Garaipen baten gisan hartzen dugu guk».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.