Hezkuntzan azpikontratutako zerbitzuetako langileek bat egin dute 15eko grebarekin

Eskoletara modu «seguru» eta «adostuan» itzultzea aldarrikatu dute Bilbon egin duten elkarretaratzean.

Hezkuntzan grebara deitu duten sindikatuek egindako protesta kontzentrazioa. ARITZ LOIOLA/FOKU
Maialen Arteaga.
2020ko irailaren 11
13:40
Entzun

Hezkuntzako langile azpikontratatuek elkarretaratzea egin dute Bilboko Arriaga plazan, eskola itzulera «seguru» eta «adostua» defendatzeko. Garbiketako, jangelako eta garraioko langileek antolatu dute gaurko mobilizazioa, eta adierazi dute beraiek ere «hezkuntza komunitatea» direla. Azpikontratetan ere segurtasuna bermatu lelopean bildu dira ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuko kideak. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban irailaren 15erako antolatuta dagoen hezkuntza greban parte hartzeko deialdia egin dute.

Noemi Etxebarria ELA sindikatuko kideak adierazi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hartu dituen erabakietan «baztertu» egin dituztela enpresa azpikontratatuak: «Bai erabakietan, bai segurtasun neurrien irizpideetan». Azaldu du Hezkuntza Sailak ez duela ezarri irizpide eta protokolorik eta, ondorioz, kudeaketa ikastetxe bakoitzaren esku geratu dela: «Erabiltzaileek eta langileek erabiltzen dituzten zerbitzuen segurtasuna bermatzea erabaki politikoa da», azpimarratu du Etxebarriak. Aldarrikapen horiek aspaldikoak direla gogoratu du: «Aurreko kurtso amaiera baino lehenagotik gabiltza langileon, patronalaren eta Hezkuntza Sailaren arteko bilkura bat eskatzen, ikasturte hasierako bermeak eta baldintzak zehazteko. Oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta ez gara bildu».

Itsasne Nuñez LAB sindikatuko kideak argitu du azpikontratatutako kolektiboek ere irailaren 15eko hezkuntza greban parte hartuko duela: «Irakasleek egiten dituzten aldarrikapenetara batuko gara, baina gure sektoreko aldarrikapen propioak eramango ditugu». Salaketa «zehatz» eta «nagusi» bat dute: «Jangela, garbiketa eta garraio zerbitzuak ezinbestekoak dira, eta Hezkuntza Sailak ez du horientzako neurririk aurreikusi protokoloetan». Hori ikusirik, nabarmendu du enpresa horien lana «funtsezkoa» dela irakaskuntza baldintza egokietan garatzeko. «Hala ere, oraindik ez zaio behar besteko garrantzia ematen», gehitu du.

Garbiketa sektoreari dagokionez, Nuñezek aurreikusten du behar diren langileak baino gutxiago kontratatuko dituztela, eta erabaki horri «epidemiologikoki arriskutsu» deritzo. Jangela zerbitzuetan ere egoera berdintsua izango dela uste du: «Dirudienez, ratioak ez dira jaitsiko, eta ez dituzte langile gehiago kontratatuko».

Hori ikusita, irailaren 15eko grebarekin bat egingo dute. Antolatzaileen arabera, 10.000 langile baino gehiago daude astearteko grebara deituta. Azpikontratatutako sektoreetan, «%95 baino gehiago emakumeak dira»; lan kontratu partzialak dituzte, eta «prekarizatuak» daude.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.