Errefuxiatuak

Moriako errefuxiatuei «harrera duina» egiteko eta berriro kokatzeko eskatu dute

Elkarretaratzeak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, OEEk eta Mugak Zabalduz elkarteak deituta

Gasteizen egindako elkarretaratzea. OEE
gotzon hermosilla
2020ko irailaren 12a
12:46
Entzun

Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen, Moria sutan. Birkokapena eta harrera duina lelopean. Moriako errefuxiatu gunean (Lesbos uhartea, Grezia) lehendik ere «jasanezina» zen egoera are gehiago larriagotu du joan den asteazkenean izandako suteak, mobilizazioetan salatu dutenez.

Greziako Gobernuak larrialdi egoera ezarri du, eta uhartetik irtetea debekatu die herritar guztiei: «Beste behin ere, mehatxutzat jotzen dituzte migratzaileak», azaldu dute OEEk eta Mugak Zabalduz-ek; «Morian gertatu denaren erantzuleak klase politikoa eta haren migrazio politikak dira. Haiek utzi dute urtetan beren etxeetatik asilo bila ihes egin duten milaka emakume, haur eta gizon eskubide gabeko leku batean bizi daitezen, giza duintasunaren muga guztiak gaindituz».

Elkarretaratzeetan parte hartu dutenek gogorarazi dute migratzea «eskubidea» dela, eta pertsona guztien giza eskubideak bermatzea galdegin dute. Zehazki, Europako erakundeei eskatu diete «hartutako konpromisoak» bete ditzala, eta Moriako eremutik ihes egin behar izan duten pertsonak Europako herrialdeetan «baldintza duin eta seguruetan» kokatzeko eskatu dute. Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari ere «birkokatze» horretan parte har dezaten eskatu diete.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.