EIBAR 0-0 CELTA

Hasteko, puntu bat

Eibarrek hutsean berdindu du Ipuruan Celtaren aurka, ligako lehendabiziko partidan. Distira gutxi egin du erasoan, eta, atzean, Dmitrovici esker iraun du zutik. Diopek txartel gorria ikusi du. 

Sergi Enrich, buruz errematatu nahian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 12a
18:43
Entzun

Eibarrek puntu batekin ekin dio 2020-21eko denboraldiari. Hutsean berdindu du Celtaren kontra, partida lehiatu batean. Aukerak ez dira sobran izan, eta garbienak Celtak izan ditu. Alabaina, Dmitrovic ohi bezain erabakigarri agertu da atepean. Etxekoak gainbeheratu egin dira norgehiagokak aurrera egin ahala, eta berdinketa ontzat eman dute azkenean; areago, 87. minutuan jokalari bat gutxiagorekin gelditu ondoren, bigarren txartel horia ikusi baitu Diopek. Lehiakor aritu den arren, etxean gehiago erakutsi behar du Mendilibarren taldeak. 

Partidari indarrez heldu dio. Hasi orduko, aukera garbia izan du Pedro Leonek. Bularrez baloi ederra utzi dio Enrichek, baina erdilariak gora jaurti du, boleaz. Hortik gutxira iritsi da Celtaren erantzuna, ezker hegaletik bideratutako kontraeraso bizi batean. Aspasek Olazarekin jokatu du, honek atzera pasa dio Nolitori, eta aurrelariak erremate gurutzatua egin du. Haatik, ondo kokatuta zegoen Dmitrovic, eta luzatua eginda, kornerrera bidali du baloia.

 Eibar estu izan da zenbait minutuz, baina borrokaren bidez orekatu du lehia. Nagusi izan da bigarren baloietan, eta hegaletatik agertzen hasi da. Aukera garbirik ez du sortu, ordea; Celtak ez bezala. 33. minutuan, sukalderaino sartu da Brais, eta baloia Dmitrovicen gainetik loratzen saiatu. Aitzitik, ez du asmatu baloia aterantz bideratzen.

 Atsedenetik itzuli eta berehala, beste abagune on bat izan dute galiziarrek. Aidoo bakarrik gelditu da korner baten osteko jokaldian, baina oso oker errematatu du. Kanpokoek martxa bat gehiagorekin ekin diote bigarren zatiari, eta nahiko estu ibili da Eibar. Hori bai, 55. minutuan markagailuan aurretik jartzear izan da, Bigasen zartako bati ezker. Areaz kanpotik egin du errematea, ezkerrez, eta oso gutxirengatik joan zaio kanpora.

Beste aukerarik ez du izan Eibarrek. Minutuen joanean, geroz eta zuhurrago agertu da. Mendilibarren aldaketek indartu egin dute joera hori. Celta, aldiz, erasokorrago agertu da. Emre Morren kalitatea baliatu du etxekoei min egiteko. 70. minutuan banakako jokaldi ikusgarria egin du turkiarrak, baina hor zen berriro Dmitrovic. Aldaratzean beste gelditu bat egin du serbiarrak. Azken txanpan hamar jokalarirekin gelditu da Eibar, baina berdinketari eustea lortu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.