GRANADA 2-0 ATHLETIC

Gaizki hasi da Athletic

Talde zuri-gorriak partida eskasa jokatu du Granadan, eta merezita galdu du. Berriro geratu da agerian golak sartzeko dituen zailtasunak. 

Iñaki Williams, Granadako jokalariz inguratuta. MIGUEL ANGEL MOLINA / EFE
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko irailaren 12a
21:43
Entzun

Amaitu bezalaxe hasi du liga Athleticek, Granadaren aurka galduz. Aurreko denboraldiko gol faltarekin jarraitzen du taldeak, baina beste sasoietan defentsa lanetan erakutsitako sendotasun hori gabe. Atzean eginiko bi akats erabakigarriak izan dira partidaren bilakaerarako. Ez da ondo hasi talde zuri-gorria.

Intentsitate gehiagorekin atera da etxeko taldea berdegunera. Gaizka Garitanorenak, baina, minutuak aurrera egin ahala, partidaren agintea hartu dute. Pixkanaka-pixkanaka, Jon Morcilloren barneraldiei esker, Granadaren area zapaltzen hasi dira zuri-gorriak, baina gola egiteko aukera garbirik sortu gabe. Lehen zatia amaitzear zela, berdinketa desegiteko aukera bana izan dute bi taldeek. Granadak estrategia jokaldi batean Unai Simonen atea zulatzea lortu du, Yangel Herreraren burukada baten bitartez. Baina Matheu Lahoz epaileak gola baliogabetu du, jokaldi horretan bertan Raul Garciari egindako falta batengatik. Hurrengo jokaldian etorri da Athleticen erantzuna; Iker Muniainek orpoz utzi dio baloia Raul Garciari area barruan, baina aurrelari nafarrak ez du baloia ondo jo, eta ezker zutoinetik gertu atera da baloia.

Bigarren zatiaren hasieran iritsi dira etxeko taldearen bi golak. Partida berriz abiatu bezain pronto, 48. minutuan, iritsi da Granadaren lehen gola. Atzetik iritsita Yangel Herrerak bikain errematatu du Montorok jarritako erdiraketa. Handik bost minutura iritsi da bigarrena; De Marcosek baloia ateratzerako orduan eginiko akatsa baliatu du Luis Millak, eta sekulako gola egin du area ertzetik. Bigarren zatia hasi besterik ez zen egin, eta 2-0 zen aurretik etxeko taldea.

Golak jasotzean berehala erreakzionatu du Garitanok, eta aldaketa bikoitza egin; Iñaki Williams eta Unai Lopez zelairatu ditu Capa eta Vesgaren ordez. Bi aldaketa horiekin pauso bat aurrera egin du talde zuri-gorriak, baina susperraldi hori ez da nahikoa izan. Athletic Rui Silvak zaindutako atera nekez iritsi da. Williamsek langara bidalitako baloia izan da bisitariek gola sartzeko izan duten aukera garbi bakarra. Ezintasun sentsazioarekin amaitu du partida Athleticek; Granadaren zelaian jokatzen amaitu arren, azken metroetan ez da fin ibili, eta ez du lortu Diego Martinezen jokalariek osatutako harresia gainditzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.