Migrazioak

Eusko Jaurlaritza prest agertu da Moriako errefuxiatuak hartzeko

Gutun batean, Beatriz Artolazabal sailburuak Espainiako Gobernuari eta Europako Batzordeari esan die badirela baliabide nahikoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan migratzaileak hartzeko.

Iheslariak Moirako kanpalekuan. ORETIS PANAGIOTOU/ EFE
Edurne Begiristain.
2020ko irailaren 14a
12:01
Entzun

Lesbos uharteko Moria kanpamentuan (Grezia) dauden migratzaileen egoera larria da oso joan den astearteaz geroztik, kanpamentuak su hartu eta Poliziak errepideak itxi baitzituen; ordutik, errepidean ez atzera ez aurrera harrapatuta daude. Gaur, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi du Jaurlaritza prest dagoela migratzaileak jasotzeko. Espainiako Gobernuari eta Europako Batasunari igorritako gutun banatan, Artolazabalek adierazi die euskal erakundeen baliabideak eskura jartzen dituela migratzaileak jasotzeko: «Gaur egun bizi dugun egoera oso larria da, eta erantzun humanitario solidarioa, azkarra eta premiazkoa behar du, eta are gehiago egoera eramangaitz horri koronabirusaren pandemiaren eragina gehitzen badiogu». Izan ere, egoera oso larria bizi dute Moriako kanpalekuan. Irailaren hasieran lehen koronabirus kasua atzeman zuten bertan, eta migratzaileek eta gobernuz kanpoko erakundeek egoeraren larritasunaz ohartarazi zuten.

Eusko Jaurlaritzak migratzaileei laguntza eta elkartasuna eskaini nahi diela azaldu du sailburuak, eta gaineratu Euskal Autonomia Erkidegoa prestatuta dagoela dagokion pertsona kopurua jasotzeko. Share proposamenak egindako planteamendua gogora ekarri du Artolazabalek gutunetan. Proposamen horrek egoera «kalteberan» dauden errefuxiatuak edo migratzaileak hartzeko ahalegina lurraldeen arabera banatzen du, aberastasuna, biztanleria eta langabezia tasa kontuan hartuta. Eusko Jaurlaritzako sailburuaren iritziz, Greziako uhartean bizi den egoerak Europako Batzordearen eta haren estatu kideen konpromisoa eskatzen du, krisi humanitarioari «erantzun azkarra eta premiazkoa» emateko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.