FUTBOLA

Akordioa berretsita, ez da egingo 'Osasuna auziko' epaiketa

Osasunak 1,4 milioi euroko isuna ordaindu beharko du, eta hamar akusatuetako bakar bat ere ez da joango espetxera

Luis Sabalza Osasunako presidentea eta hamar akusatuak, gaur, epaitegian. 
Luis Sabalza Osasunako presidentea eta hamar akusatuak, gaur, epaitegian.  Jesus Diges / Efe Tamaina handiagoan ikusi

Julen Etxeberria -

2020ko irailak 14

Inork ez du atzera egin. Osasunak, klubeko hamar agintari eta langile ohik eta Fiskaltzak eutsi egin diote gaur elkarren artean adostutakoari. Horren ondorioz, ez da egingo gaur Nafarroako Auzitegian hastekoa zen haien aurkako epaiketa. Osasunak Nafarroako Ogasunari 2010ean, 2011n, 2012an eta 2013an egindako iruzur fiskala epaituko zuen. Guztira, klubak 5,4 milioi euro utzi zituen ordaindu gabe.

Osasunak eta Fiskaltzak eginiko tratuaren arabera, klubak 1,4 milioi euroko isuna ordainduko du, eta onartu egin du 45 hilabetean ez jasotzea ez diru laguntzarik, ezta pizgarri fiskalik ere. Zigor txikia da, 11 eta 22 milioi euro arteko isuna jasotzeko arriskua baitzuen. Fiskaltzak kontuan hartu du klubak delitua aitortu duela, kolaboratu egin duela, mina arintzeko nahia erakutsi duela eta berriz halakoak ez gertatzeko neurriak hartu dituela. Aurretik, gainera, Osasunak 6,8 milioi euro ordaindu zizkion Nafarroako Ogasunari, zorraren atzerapenagatik eta interesengatik.

Akusatuen artean, berriz, Miguel Artxanko presidente ohiak, Angel Bizkai kudeatzaile ohiak eta Jose Manuel Puros zuzendaritzako kide ohiak 28 hilabeteko espetxe zigorra onartu dute. Haietako bakar bat ere ez da joango kartzelara. Patxi Izko presidente ohiak, berriz, 22 hilabeteko espetxe zigorra onartu du; eta Sancho Bandres, Txuma Peralta eta Manolo Ganuza agintari ohiek hamasei hilabetekoa. Guztiei aplikatu zaie mina arindu nahi izanaren aringarria, baita epaiketa hasteko denbora luzez itxaron egon behar izatea ere. Halaber, bertan behera geratu dira Jose Gomez eta Tomas Lopez langileen aurkako karguak. Akusatuek arriskua zuten zortzi eta hamazazpi urte bitarteko zigorrak jasotzeko. Zigorra jaso duten guztiek, hala ere, isunak ordaindu beharko dituzte.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Positibo kopuruak goia jo du Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 749 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta nabarmen ugaritu dira Nafarroan: 362 kutsatu detektatu dituzte azken egunean. 501 lagun daude erietxeratuta Hego Euskal Herrian, eta 82 gaixo daude ZIUetan.

Zestoa, artxiboko irudi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Eraikin publikoak eta tabernak itxi dituzte Zestoan

Berria

28 kasu baieztatu dituzte azken egunetan, eta neurri murriztaileak hartu dituzte agerraldiari aurre egiteko asmoz. Datozen egunetan egoera «kontrolatzea» espero dute.

Iñigo Urkullu omenaldian ©Eusko Jaurlaritza

Koronabirusaren biktimak omendu dituzte Gasteizen

Uxue Rey Gorraiz

Iñigo Urkullu lehendakariak gidatu du ekitaldia. Pandemiarengatik hildakoak gogoratu ditu, eta elkartasuna adierazi die familiei. «Elkarrizketa soziala» bultzatu dadin galdegin du, bizikidetza sozialaren berreraikuntzarako.

Sindikatuen eta Sareren elkarretaratzea, presoen egoeraren harira Bilbon. ©Marisol Ramires/FOKU

Hainbat espetxetan komunikazioak eten dituztela salatu dute Sarek eta Etxerat-ek

Maria Ortega Zubiate

Presoek eta haien senideek “garai oso zailak” bizi dituztela adierazi dute bi elkarteek, eta pandemiak “salbuespenezko erregimenaren aplikazioa” areagotzen duela. Positibotzat jo dituzte Eusko Legebiltzarrean eta Espainian espetxe politika aldatzeko egindako adierazpenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna