Artea

Gorputzen eraldaketak, ispiluaren aurrean

Eraldaketaren kontzeptuan oinarrituko da Mapamunditarrak proiektuaren hamalaugarren aldia. Sei erakusketa, performance bat eta zenbait hezkuntza jarduera eskainiko dituzte bihartik urriaren 25era, Iruñean, Uharten eta Atarrabian (Nafarroa).

Blanca Graciak ikusgai jarri duen bideoaren fotograma bat. BERRIA
Ane Eslava.
2020ko irailaren 17a
16:37
Entzun

La Caracola kultur elkarteak antolatzen du Mapamunditarrak egitasmoa urtero, Iruñean kultura garaikidea sustatzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Iaz, ispiluaren kontzeptua hartu zuten ardatz gisa, eta honako gogoeta egin zuten: «Ispiluak itxura itzultzen digu, zeina berehala iraungitzen den. Itxuraz, askotarikoak gara, eta, urteak igaro ahala, geure buru gehiago pilatzen ditugu gorputz bakarrean. Geure buruei behatzeko, agian urrundu egin behar dugu; geuregandik aldendu, gero itzultzeko. Artelanek ispilu bilduma bat osatzen duten». Aurten, ispiluaren ideiara itzuli dira, eta hausnarketa hori garatu dute. Hala azaldu du Alexandra Baures komisarioak: «Bitan ibai berean bainatzea ezinezkoa dela esaten dugun bezala, ezinezkoa da ispilu berean bitan begiratzea. Zergatik? Pertsonak denborak zeharkatzen gaituelako; hazten, zahartzen eta hiltzen garelako; gure inguruan mundua ere etengabe aldatzen delako».

Gogoeta horretatik tiraka, gorputzetan izaten diren eraldaketetan eta horien irudikapenetan jarriko dute begirada. «Gorputzari erreparatuko diogu esperientziaren, afektuen eta ideien hartzaile gisa, eta bata edo bestea izateko leku gisa».

Bihartik aurrera hiru erakusketa berri ikusi ahal izango dira Iruñeko Ziudadelan, Blanca Gracia, Caroline Delieutraz eta Pablo Lerma artistenak. Bauresen arabera, hiru proposamenek bi elementu komun dituzte: batetik, maskaren erabilera. «Maskarak janzkerak dira, gure irudia aldatu eta beste pertsona bat izatea ahalbidetzen digutenak; eta, batzuetan, maskarak kendu behar dira zenbait gauza ikusi ahal izateko». Eta, bestetik, mundu fisiko edo errealaren eta mundu birtualaren arteko «joan-etorriak». «Gaur egun joan-etorri horiek bereziki ikus daitezke, neurri batean sareetan bizi baikara, eta hor nortasun berriak har baititzakegu».

Oinarri beraren inguruko hiru proposamen

Blanca Gracia madrildarrak hiru lan aurkeztuko ditu Ziudadelako Labean: batetik, Hipnosia bideo animazio piezarekin ikusleak egungo testuinguruan munduan duen tokia topatu dezala bilatzen du, mezu bat bidalita: ihes egin beharra dagoela. «Irudien bidez, gaur egungo momentutik ihes egiteko jarraibide batzuk ematen dira; hori litzateke gizabanakoa eraldatzen duena. Baina interesgarriena da jarraibide horiek guztiak ezinezkoak direla», azaldu du Graciak. Lan horretara hurbiltzeko, ikusleak Ataria instalaziotik igaro beharko du: mundu bukaeraren mitoaz ari den ate itxurako oihaletik. Azkenik, Goi-unea bi bariaziotan bideoan, irudi errealak eta animaziozkoak batuz, istorio «sinplista» bat aurkeztuko du, Erdi Aroko istorioetan oinarrituta. «Eta bideoan pertsonaiek zein Lurrak berak eraldaketak bizitzen dituzte».

Beste bi erakusketak Mistoen Aretoan ikus daitezke. Caroline Delieutraz paristarrak sare sozialetan jarri du fokua bereziki. Maskarak erabilita, sareetan ibiltzen diren troll-ak irudikatu ditu Trolls just want to have fun izeneko instalazioan. «Nire lanak, alderdi askotan, eraldaketaren gaia jorraten du beti, teknologia berriekin batera bereziki, pertzepziotik hasi eta gorputzeraino», azaldu du. Lan hori Fantastic blue ikus-entzunezko piezarekin batera kokatu du: artistak Instagram bidez edonoren eskura jarritako filtro urdin bat erabilita Interneteko erabiltzaileek egin dituzten argazkien bilduma bat da. Horrekin batera, Blue meme bideoa ikus daiteke, Delieutrazen lehen lanetako bat, azal urdineko izaki hibridoen fotogramak biltzen dituena. «Erdi gizaki erdi estralurtarrak dira, gizaki urdinaren idealaren inguruan komunitate bat osatzen dutenak», haren hitzetan.

Azkenik, Pablo Lerma bartzelonarrak aztertu du nola irudikatu izan diren gizonezkoen gorputzak argazkigintzaren historian, eta zer toki izan duen argazkilaritzaren historian queer komunitateak. Aurreko proiektu baten inguruan sortu du, 2016an Estatu Batuetan abian jarri zuena, herri argazkigintzaren, maskulinitatearen irudikapenaren eta artxiboen inguruan. «Han igaro nituen urteetan artxiboetan arakatu nuen, argazkietan pertsona queer gisa dudan nortasunari buruzko erantzunak bilatzeko», adierazi du. Iraganari begira, etorkizunerako erantzunak bilatzen saiatu da horrela, «kontranarratiba» bat sortzeko asmoz: «Artxibo fotografiko guztietan, argazkiaren historian, irudikapen falta handia dago, eta nik, artxiboetako gorputz maskulinoei begiratzean, egin nahi dudan ariketa da kontranarratiba bat sortzea».

Iruñea, Uharte eta Atarrabia

Erakusketa horiez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Sarioko eraikinean ikusgai dago jada Helena Goñiren Tell me how close we are to a riot argazki erakusketa, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan (Nafarroa) Mireia Martin eta Jorge Martinezen Fase-aldaketa gelan arte prozesua, eta urriaren 25 zabalduko dute Pablo Lermaren Arga erakusketa, Atarrabiako pilategian (Nafarroa). Azkenik, Anna Holveckek entzunezko performance bat egingo du, urriaren 3an, Nafarroako Unibertsitateko Museoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.