Bankuak

Caixabankek Bankia erosi du 4.300 milioi eurogatik

Espainiako Estatua izango da akzioen %16aren jabea. Caixabankek jakinarazi du operazioak 770 milioi euro aurrezteko modua emango diola, eta nagusiki lantaldea murriztuz egingo duela hori.

Bankiaren sukurtsal bat, CaixaBankeko batean isladatuta. TONI ALBIR / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko irailaren 18a
11:56
Entzun

Iragarrita zegoen, eta Caixabank eta Bankiako zuzendaritza batzordeek bart sinatu zuten bat egiteko akordioa. Gaur argitu da zenbat ordainduko duen Caixabankek: 4.300 milioi euro. Ez hori bakarrik; Espainiako Estatua da Bankiaren jabe nagusia (%62 du), eta eratuko den entitate berriaren %16aren jabe ere izango da —negoziazioen hasieran %14 izango zuela uste zen—. Bankiaren erreskate publikoa, beraz, esku pribatuetan geratuko da azkenean.

Bi bankuek bat egingo zutela jakin zenetik, sindikatuek kezka agertu dute, langileentzat ondorio larriak ekarriko dituela eta. Usteak baieztatu egin ditu Caixabankek gaur, eta jakinarazi du 2022. urtetik aurrera 770 milioi euro aurrezteko asmoa duela, nagusiki lantaldean egingo dituen aldaketen bidez. Arriskuan daude milaka enplegu, horietako dozena batzuk Hego Euskal Herriko bulegoetan. Bankiak hemezortzi bulego ditu Hegoaldeko lau hiriburuetan; Caixabank, berriz, askoz zabalduago dago Nafarroako Kutxa irentsi zuenetik: 72 bulego ditu, herri txikiagoetan horietako asko.

Orain, bi erakundeetako akziodunen ezohiko batzarrek onartu beharko dute fusioa, printzipioz azaroan. Urtea amaitu baino lehen legez eratu nahi dute erakunde berria. Gaur jakinarazi dutenez, hamabost pertsonak osatuko dute banku berri horretako zuzendaritza batzordea; horietako %60 independenteak dira. Presidentea Jose Ignacio Gorizalgorri bizkaitarra izango da, Bankiako egungo presidentea, eta Gonzalo Gortazar Caixabankeko burua banku berriko lehen exekutiboa izango da. Hark hartuko ditu egunez eguneko erabakiak.

Banku handiena

Espainiako banku sistemaren lau erakunderik handienetako bik egin nahi dute operazioa, eta horren emaitza azken hogei urteotako bat egite handiena izango da, bien artean 664.027 milioi euroren aktiboak elkartuko dira eta. Kataluniako bankuak —Valentziara eraman zuen egoitza independentzia erreferendumaren ondoren— 445.572 milioi euroren aktiboak ditu, eta Bankiak, 218.455 milioirenak. Interes tasak lur azpian daudela eta Europako Banku Zentrala bat egiteak eskatzen ari dela iritsi da bat egiteko saioa.

Urteko lehen seihilekoari dagozkion zenbakiak aintzat hartuz, Caixabankek 35.589 langile ditu 4.460 bulegotan, eta Bankiak, berriz, 15.947 langile eta 2.267 bulego. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.