Bolivia

Añezek erretiratu egin du Boliviako hauteskundeetarako bere hautagaitza

MAS alderdiaren kontrako botoa zatitzeko arriskua arintze aldera hartu du lehiatik kanpo gelditzeko erabakia. Moralesek «inpunitatea negoziatu» duela salatu du.

Jeanine Añez Boliviako jarduneko presidentea, artxiboko irudi batean. JAVIER MAMANI, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko irailaren 18a
13:05
Entzun

Jeanine Añez Boliviako behin-behineko presidentea ez da hautagai izango Boliviako hurrengo hauteskundeetan. Añezek berak atzo adierazi zuenez, «demokrazia babesteko» hartu du erabakia. Azaldu duenez, MAS Sozialismorako Mugimenduaren kontrako botoa banatzeak kezkatzen du, eta horrek Evo Morales Boliviako presidente ohia buru duen alderdiaren garaipena erraztea urriaren 18an egingo diren bozetan.

«Batzen ez bagara, Morales itzuliko da; batzen ez bagara, demokraziak galduko du», adierazi du behin-behineko presidenteak. Añezek iazko azaroan izendatu zuen bere burua presidente, Evo Morales orduko presidenteak oposizioaren eta armadaren presioaren ondorioz dimisioa aurkeztu ostean. Oposizioak azken hauteskundeetan iruzur egitea leporatu zion. Moralesek «estatu kolpea» salatu zuen, eta ordutik erbestean da.

Añezek, presidente kargua hartu zuenean, adierazi zuen ez zela aurkeztuko bozetara. Baina iritziz aldatu zuen hilabete batzuen buruan, eta Juntos koalizioko hautagai izan da, atzo arte.

Añezekin batera, lehiatik kanpo utzi du bere burua Juntos koalizioko Samuel Doria Medina enpresariak ere, hasieran presidenteorde kargurako hautagai izatekoa zenak. Doria Medinaren esanetan, koalizioak «MAS geldiarazi dezakeen hautagaia» babestuko du, «demokraziaren indartzea bermatu dezakeena, edozein dela ere».

Berriki, inkesta batek laugarren tokian kokatu du Añez hauteskunde lehian, botoen %10 lortuko lituzkeela esanda. Tarte handia aterako lioke MAS alderdiko presidentegai Luis Arcek, botoen %40 lortuko bailituzke, inkesta beraren arabera.

Trukean, «inpunitatea»

Moralesek ziurtatu du «aspalditik» zegoela erabakita Añez erretiratzea, eta soilik haren kontrako ustelkeria kasuengatik «inpunitatea negoziatzeko» aurkeztu duela bere hautagaitza. «Argi dago bere aliantza berriaren ordaina inpunitatea dela». Moralesek «pandemiaren erdian» egindako ustelkeria jarduerak leporatu dizkio, eta Senkatako eta Sacabako «genozidioaren» arduradun izatea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.