KORONABIRUSA

Kasuek nabarmen egin dute gora Hegoaldean: 932 positibo

Guztira, 12.746 PCR proba egin dira, eta egindako proba guztien %7,31k eman dute positibo. Nafarroan bi pertsona hil dira azken orduetan, eta Bizkaiko zahar etxeetan hiru egoiliar.

Pertsona bat terraza batean eserita, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko irailaren 19a
13:07
Entzun

Datuak eman dituzte Hegoaldeko osasun sistemek, eta jakinarazi dute azken orduetan positiboek nabarmen egin dutela gora Hego Euskal Herrian. Hain zuzen, 12.746 PCR proba egin dituzte, eta horietatik 932 pertsonak eman dute positibo, aurreko egunean baino 139 gehiagok. Hau da, egindako proba guztien %7,31k eman dute positibo. Gainera, Nafarroako Gobernuak hiru heriotzaren berri ere eman du: 92 urteko emakume bat eta 97 urteko beste bat hil dira.

Lurraldeka, eta aurreko egunetako joerari jarraituz, Nafarroan atzeman dituzte kasu gehienak. Gainera, gorakada egon da azken orduetan: 334 positibo detektatu dira, atzo baino 57 gehiago. Gainontzeko hiru lurraldeetan ere gora egin dute datuek: Bizkaian 266 positibo atzeman dituzte, atzo baino 34 gehiago; Gipuzkoan 229 izan dira, aurreko egunean baino 39 gehiago; Araban, berriz, 98 beste kasu egon dira, hamahiru gehiago. Beste bost positiboak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean jasotakoak dira.

Ospitaleak ere betetzen hasi dira, eta azken egunetan gora egin dute ospitaleratze datuek ere. Hegoaldeko ospitaleetan beste 57 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan, eta, beraz, guztira, 525 pertsona daude ospitaleetan. Areago, zaintza intentsiboen unitatean 69 pertsona gaixo daude ospitaleratuta.

Eusko Jaurlaritzak astelehenean emango ditu herriz herrikako datuak eta R0 indizea, asteburuko datu guztiak bilduta. Nafarroako Gobernuak, ordea, azaldu du non atzeman dituzten positibo gehien: emandako informazioaren arabera, kasu gehienak Iruñean detektatu zituzten, baita Erriberan ere. Halere, nabarmendu dute azken horiek «garrantzia gutxiagokoak» direla. Adin tarteari dagokionez, batez ere 45 eta 59 urte artekoen artean atzematen dituzte positibo kasuak, eta, batez besteko adin tartea 41,9 urtekoa da. Ondorioz, gobernuak ohartarazi du joera aldaketa bat dagoela. Haren arabera, udarako lehen hilabeteetan positibo ematen zutenen profila orain baino gazteagoa zen.

Bizkaiko zahar etxeetan, hiru hildako

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, azken orduetan zahar etxeetako hiru egoiliar hil dira birusaren ondorioz, eta, beraz, guztira, 47 dira bigarren olatuan egoitzetan hildakoak. Datu gehiago ere eman ditu; besteak beste, adierazi du egun 123 kasu positibo daudela, eta horietatik 27 ospitalean. Areago, langileen egoera zein den ere azaldu du. Hain zuzen, gaur-gaurkoz, 99 langilek eman dute positibo, eta beste 59 bakartuta daude, proben emaitzarik gabe. Guztira, hamahiru egoitzetan daude kasuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.