Granada 2-1 Alaves

Bi akatsek kondenatu dute

Atzean ahul ibili da Alaves, eta horrek erabaki du neurketa. Banakoarekin, Edgarren jaurtiketa batek zutoinean jo du, eta jarraian heldu da Granadaren bigarren gola. Lehen bi jardunaldietan bi porrot jasan dituzte gasteiztarrek.

Roberto Soldado Granadaren lehen gola sartzen, Elyri aurrea hartu eta gero. PEPE TORRES / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko irailaren 21a
10:10
Entzun

Bi akatsek, bi momentuk erabaki zuten Granadaren eta Alavesen arteko neurketa. Partidan zehar, gehiago izan zen Granada, baina egia da ez zutela haiek ere aukera argirik sortu, eta Alavasek ere izan zituela bereak. Momentuz, bi norgehiagokatan bi porrot jasan dituzte gasteiztarrek, biak gol bakarragatik eta azken minutuetan jasotako gol baten ondorioz.

Lehia hasi eta gutxira zabaldu zuen markagailua Roberto Soldadok, zazpigarren minutuan. Ikustekoa izan zen gola: Darwin Machisek pilota aldendu zuen defentsatik, ia Granadaren areatik bertatik, eta Soldadok agerian utzi zuen Ely defentsa brasildarra, hari lasterka aise irabazita. Makal ibili zen Alaveseko jokalaria. Pase bakar batekin heldu zen Granada Pachecoren ate pareraino, eta aurrelariak bikain amaitu zuen jokaldia.

Gutxi geroago berdindu zuen neurketa Alavesek. Joseluk falta bat jaurti zuen area ertzetik, eta haren jaurtiketa indartsua izan zen bat eta batekoa. Gaizki kokatuta harrapatu zuen Rui Silva, eta atezainaren zutoinetik sartu zen baloia.

Hortik aurrera, lehen zatian, sufritu egin zuen Alavesek, eta aukera argiren bat edo beste ere izan zuen Granadak; tartean, Antonio Puertasek ate aurrean huts egin zuen bat. Horregatik, atsedenaldian, sistema aldatu zuen Machisek, eta ez zion emaitza txarra eman: bigarren zatian, defentsan sendoago ibili zen Alaves.

Momentuak

Emaitzak, ordea, ez zuen gauza bera erakutsi. 75. minutuan izan zuten arabarrek aurrea hartzeko parada bikaina. Erdiraketa bat errematatu zuen Edgarrek atetik metro gutxira, baina atezainaren eta zutoinaren artean, baloia ez sartzea lortu zuten. Jarraian, Silva atezainak Edgarri penaltia egin ziola esan zuten, baina VAR-ak ez zuen halakorik ikusi.

Momentu batetik bestera aldatu ziren gauzak, ordea. Granadaren erdiraketa batean gaizki kalkulatu zuen Duarte Alaveseko atzelariak; ez zuen baloia aldendu, eta bakar-bakarrik geratu zen Darwin Machis. Haren lehen errematea ondo geratu zuen Pachecok, baina ezin izan zuen ezer egin bigarrenean. Bi eta bat, eta buelta punturik gabe. 

Granadaren hamaikakoa: Rui Silva; Foulquier, Domingos Duarte, Vallejo, Carlos Neva; Gonalons, Yangel Herrera (Montoro), Luis Milla (Victor Diaz); Antonio Puertas (Kenedy), Machis (German) eta Soldado (Jorge Molina).

Alavesen hamaikakoa: Pacheco; Laguardia, Lejeune, Ely (Duarte); Edgar (Guidetti), Abdalli (Ximo Navarro), Bataglia, Pere Pons, Luis Rioja (Borja Sainz); Joselu eta Deyverson.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.