Eraikin publikoak eta tabernak itxi dituzte Zestoan

28 kasu baieztatu dituzte azken egunetan, eta neurri murriztaileak hartu dituzte agerraldiari aurre egiteko asmoz. Datozen egunetan egoera «kontrolatzea» espero dute.

Zestoa, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
2020ko irailaren 21a
11:18
Entzun

Pandemiaren lehen olatuak ia ez zuen eraginik izan herrian, baina azken egunetan gogor jo du. Eusko Jaurlaritzak emaniko azken datuen arabera, 28 COVID-19 kasu atzeman dituzte Zestoan (Gipuzkoa). Kasu guztiak herrigunean baieztatu dira, eta ez du eraginik izan auzoetan. Halere, egoera «egonkortzen» ari dela azaldu dio Mikel Arregi alkateak BERRIAri: «Hemendik aurrera beherakada bat gertatzea da logikoena». Izan ere, azken orduetan, positibo bakarra baieztatu dute. Uneotan, 200 lagun inguru daude konfinatuta, tartean udal gobernua, bi zinegotzik positibo eman baitute. Halere, ez dute uste transmisio komunitariorik gertatu denik, eta «bi edo hiru egunean» kontrolatuta egotea espero du alkateak.

Alkateak azaldu du herriko osasun zentroan «gainezka» daudela. Izan ere, asteburuan itxita egon da, eta ilarak daude PCR probak egiteko. Larunbatean eta igandean, bizilagunek probak egin behar izan zituzten Zarautzen. Denera, 200 proba inguru egin dituzte Zestoan, eta datozen egunetan gehiago egitea espero dute. «Gaurko eta biharko egunak erabakigarriak izango dira», azaldu du Arregik.

Gauzak hala, eta Jaurlaritzaren erantzunaren zain egon gabe, neurri bereziak ezartzea erabaki du udalak. «Zentzuz eta erantzukizunez» jokatu beharra azpimarratu du Arregik, besteak beste, adinekoen eta haurren artean ere hainbat kasu baieztatu dituztelako. Horregatik, presazko hainbat erabaki hartu dituzte agerraldiari «aurre hartzeko» asmoz. Eguneko zentroa itxi zuten ostiralean, Gipuzkoako Foru Aldundiak aholkatuta, eta astebururako prestatutako ekitaldiak bertan behera utzi zituzten.

Erabakiak ez dira horra mugatu, eta gaurtik aurrera itxita egongo dira kiroldegia, liburutegia, gaztetxea eta jarduera kulturaletara bideratutako eraikinak. Udalarekin egin beharreko gestioak ere telefonoz edo Internet bidez egiteko eskatu dute, udaletxea irekita egongo den arren. 

Eraikin publikoek soilik ez, herriko tabernek ere pertsiana jaitsia izango dute. Bi tabernatako langile banak positibo eman dute PCR proban, eta horiek asteburuan itxi behar izan zuten. Gainerako tabernak ere ixtearen alde egin du udalak, baina, Arregiren esanetan, asteburua iritsi aurretik berriz irekitzea espero dute.

Ikusteko dago, ordea, zer gertatuko den herriko ikastetxearekin. Egun, 40 ikasle inguru konfinatuta daude, baina gainerakoek klaseekin jarraitzea espero dute.

Agerraldiaren jatorria zehaztu gabe dago oraindik, baina hasierak bat egiten du herriko festak ospatu ohi diren datekin. Aurtengoak bertan behera geratu dira, baina Arregik adierazi du egun horietan ohi baino mugimendu handiagoa egon zela kale eta tabernetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.