Migratzaileak

'Sea Watch 4' ontzia Palermoko portuan geldiarazi dutela salatu du MSFk

Bost hilabetean geldiarazten duten bosgarren ontzia da Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundearena.

'Sea Watch 4' ontzia, artxiboko irudi batean. IGOR PETYX, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 21a
11:41
Entzun

MSF Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak salatu du Sea Watch 4 erreskate ontzia Palermoko portuan geldiarazita dagoela joan den larunbataz geroztik. Egun horretan, Siziliako portu agintaritzak ontzia aztertu zuen 11 orduz, eta hainbat huts aurkitu zituen. Ontziko arduradunen esanetan, ordea, itsasontzia bahimendu administratibopean jartzea zuten helburu hasieratik. «Itsas legedia baliatzen dute ontziek erreskateak egin ez ditzaten. Erabaki politiko baten ondorioa da hau», salatu dute gobernuz kanpoko erakundekoek.

Itsasontziak 354 pertsona erreskatatu zituen lehen bidaian, bakarrik zihoazen adin txikikoak eta bi urte baino gutxiagoko haurrak tartean. Ontziko medikuek hainbat lagun artatu behar izan zituzten, batez ere, intoxikazioen ondorioz. «Denetarik ikusi dugu erreskatatutako pertsonen artean; hasi buruan jasotako kolpe baten ondorioz, itsu gelditu den haurrarengandik eta Libian plastiko urtua bota zioten gizonarenganaino. Guk jende hori artatzen dugun bitartean, gobernuak euren esku dagoen guztia egiten ari dira arreta hori eman ez dezagun», kritikatu du Barbara Deckek, ontziko koordinatzaile medikuak.

Administrazioaren azterketak erreskate lanak eragozteko bidea bilakatu direla gaitzetsi du Ellen van der Veldenek, MSFko erreskate lanetarako arduradunak: «Erreskate ontzi bat Italiako portu batera sartzen den aldiro, neurrigabeko azterketak egiten dizkiote, inolako zentzurik gabeak, huts txikiak aurkitu eta hari bahimendua ezartzeko aukera izan arte. Pertsonak sistematikoki erreskatatzea egozten digute, eta ontzian salbagerriko gehiegi eramatea; eta bitartean entzungor egiten diote arriskuan dauden ontziei laguntzeko obligazioari».

Lampedusa

Berrehun pertsonarentzako tokia duen Lampedusako harrera zentroan 1.200 lagun inguru daude egun. Asteburuan iritsi dira horietako asko, Afrikako kostaldetik. Goizaldean, esaterako, 263 pertsona heldu dira dozena bat ontzitan; haietatik gehienak, Tunisia eta Libiakoak.

Italiako Gobernuak ugaritu egin ditu migratzaileak Tunisiara itzultzeko hegaldiak, herrialde harekiko akordioak berritu ostean. Gaur egun astean gehienez 80 pertsona itzuli ditzakete Tunisiara, baina Erromak kopuru horiek bikoiztu nahi ditu datozen asteetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.