Erresuma Batua

Londresek murrizketa gehiago iragarriko ditu kutsatzeak eragozteko

Aurreratu dituzten neurrien artean dago tabernak lehenago ixtea eta telelana sustatzea.

Boris Johnson, rresuma Batuko lehen ministroa, gobernu bilera baino lehen. NEIL HALL, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 22a
11:06
Entzun

Koronabirusarekin lotutako alerta laugarren mailara igo du Erresuma Batuko Gobernuak. Horren arabera, kutsatzeko arriskua «handia» litzateke herrialde hartan. Hori eragozteko hainbat neurri iragarri ditu gaur Boris Johnson lehen ministroak Komunen Ganberan egindako agerraldian; besteak beste, telelana sustatzea, tabernak eta jatetxeak lehenago ixtea eta maskara nahitaez erabiltzea. Neurriok sei hilabetez egongo lirateke indarrean, baldin eta kutsatzeen kurbak beherantz egingo ez balu.

Lantokietan ere «legez» derrigortuko dituzte enpresak COVID-19aren aurkako neurriak hartzera. Bestalde, bilerak sei lagunekoak izango dira soilik, eta ezkontzetan gehienez ere hamabost lagun elkartu ahal izango dira. «Gustatuko litzaidake esatea proba gehiago egiten ari garelako ari direla ugaritzen kasuak, baina positiboen kopurua ere gora doa. Azken hamabost egunetan, bikoiztu egin da koronabirusak jota erietxean daudenen kopurua ere», ohartarazi du gobernuburuak.

Lehen ministroak iluntzean emango ditu neurri berriei buruzko xehetasun gehiago, baina gobernuko eledun Michael Govek dagoeneko iragarri ditu horietako batzuk, tartean herritarrei etxetik lan egiteko eskatzea. «Etorkizunean neurri gogorragoak hartzea eragotzi nahi dugu modu honetara. Kutsatzeak ugaritzen ari dira, eta gero eta gehiago dira erietxean daudenak; egoerak okerrera egitea eragotzi behar dugu».

Kirol ekitaldiak publikoarekin egiteko asmoa ere bertan behera utzi du Londresek, behin-behinean. «Ez dugu erabat baztertu aire zabalean egiten diren partidak jendaurrekoak izatea, baina ez da horretarako garairik egokiena», ohartarazi du Govek, BBC kateari eskainitako elkarrizketa batean.

Gobernuaren osasun aholkulari nagusi Patrick Vallacek atzo iragarri zuen neurriak hartu ezean urriaren erdirako egunean 50.000 kasu izango zituela Erresuma Batuak. Hark emandako datuen arabera, atzemandako kutsatzeak bikoizten ari dira zazpi egunetik behin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak