Donostiako 68. Zinemaldia

'Sutemose' gerra garaian girotutako drama aurkeztu dute Sail Ofizialean

Sobietarren okupazioari aurre egin behar dioten partisanoak dira Sarunas Bartas zinemagile lituniarraren filmeko protagonista

mikel lizarralde
2020ko irailaren 22a
11:34
Entzun

Lituania. 1948. urtea. Bigarren Mundu Gerra amaitu da, eta herrialdea erabat hondatuta dago. Borrokak, baina, segitzen du, erresistentzia taldeak eratu baitira sobietarrei aurre egiteko. Jurgis Pliaugak etxalde bat, lurrak eta animaliak ditu, eta mugimendu partisanoko kideei laguntzen die. Eta harekin bizi dira emaztea, umetan bere gain hartu zuen semeordea eta neskame bat. Une batean, sobietarren indar armatuak azalduko dira etxaldera, eta Pliaugaren ondasunak eraman nahi izango dituzte. Abiapuntu horretatik, pertsonaien arteko harremanetan eraikitako drama gordina egin du Sarunas Bartas zinemagile lituaniarrak. Gaur goizean aurkeztu du filma Kursaalean, Sail Ofizialeko lehiaketan.

Sutemose Cannesko Zinemaldiak egindako hautaketa ofizialaren barruan izan zen, baina jaialdia ezin izan zenez egin, Donostiako Zinemaldiko lehian da azkenean. 

1980ko hamarkadan hasi zen Bartas zinema egiten, eta ordudanik egin dituen filmen artean daude A casa (1997), Freedom (2000), Indigène d'Eurasie (2010) eta Frost (2017).

Gaur beste film bat ere sartuko da Urrezko Maskorra lortzeko lehian, Antonio Mendez Esparza zinemagile espainiarraren Courtroom 3H. Tallahaseeko familia auzitegi bateratuari buruzko dokumentala da. Floridako (AEB) auzitegi hori adingabeekin zerikusia dutuen gaietan espezializatua dago. Izan ere, gazte delinkuentzia altuenetakoa duen estatua da Florida AEBetan.

Ez da hau Mendez Esparza Donostiako Zinemaldian lehiatuko den aurreneko aldia. Hain zuzen ere, 2017an Life and Nothing More AEBetan kokatutako drama soziala aurkeztu zuen Sail Ofizialean, eta Fipresci kritikaren saria eskuratu zuen.

Bestalde, gaur euskaraz filmatutako bi pelikula estreinatuko dituzte Zinemira sailean: Caminho Longe (Josu Martinez) eta Non dago Mikel? (Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas). Caminho Longe-k Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiak Sao Tometik etxera itzultzeko egindako bidea kontatzen du; eta Non dago Mikel? Mikel Zabalzaren atxiloketan eta hilketan dago oinarrituta. Biak dokumentalak dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.