Turismoa

Abuztuan %17ko hazkundea izan da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hoteletan

Eustaten arabera, COVID-19aren krisiak sektorean duen eragina luzatzen ari da, eta jarduera «pixkanaka» suspertzen ari da. Landetxeetan txikiagoa izan da beherakada. Nafarroan, ostalaritzako hamar lanpostutik bat galdu da.

Hotel bateko harrera. ALEJANDRO GARCIA (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko irailaren 22a
13:00
Entzun

Abuztua ez da turismoaren sektoreak espero zuen bezalakoa izan. Uztailean baino 37.124 bisitari gehiago egon dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hoteletan: %17,1ko hazkundea, baina errekuperazioa motela da oraindik. Hala ere, uztaileko datuak baino hobeak izan dira: orduan %45,2 bisitari gutxiago izan ziren, eta abuztuan, %39,2 gutxiago.

Guztira, 216.967 pertsona izan dira hiru herrialdeetako hoteletan. Estatistika zerbitzuaren arabera, datuek agerian uzten dute COVID-19aren krisiak sektorean duen eragina luzatzen ari dela, jarduera «pixkanaka» suspertzen ari dela, eta hala gertatzen ari dela hark kontuan hartzen dituen hiru lurraldeetan. Dena den, abuztuko jaitsiera nabarmenagoa izan da Bizkaian: %52ko beherakada. Gipuzkoan, berriz, txikiagoa da COVID-19aren eragina: %21,9ko jaitsiera. Araban, %41,8koa izan da.

Gipuzkoako hotelek izan dute okupazio mailarik altuena: %60. Hiru lurraldeetan dauden hotel guztien %83,5 egon dira zabalik abuztuan, baina okupazio eskasarekin: 29,8 puntu egin du behera; 2019ko abuztuan % 79,6koa izan zen okupazio tasa. Bisitari gehienak (%67,6) Hego Euskal Herrikoak eta Espainiako Estatuaren menpeko beste herrialdeetakoak izan dira. Batez besteko egonaldia 2,05 egunekoa izan da; iaz hil berean 2,19 egunekoa izan zen. Bisitarien jaitsierak eragina izan du gaualdien prezioetan ere. Oro har, iazko abuztuan baino %21,8 merkeagoak izan dira: batez beste, 91,9 euro.

Landetxeetan ere nabaritzen ari dira krisiaren ondorioak, baina hoteletan baino gutxiago: %22 egin du behera bisitarien kopuruak. Turistek kostaldera jo dute. Araban nabaritu dute gehien jaitsiera: -%32,1. Gipuzkoan, berriz, -%13,5koa izan da.

Kolpea Nafarroako ostalaritzan

Turismorekin loturiko beste sektoreak ere burua ezin altxa dabiltza: ostalaritzan bereziki. Nafarroako Estatistika Institutuaren azken datuen arabera, zerbitzuen sektoreko negozioetan ostalaritza da okerren dagoena. Uztailean, zerbitzuen sektoreak batez beste %4ko beherakada izan zuen, 2019ko aldi berarekin alderatuta, eta bereziki deigarria da ostalaritzaren kasua: %43,2koa izan zen jaitsiera. Soilik merkataritzak egin zuen gora: % 1,1.

Dena den, asteek aurrera egin ahala geroz eta agerikoagoa da suspertzea zerbitzuen sektorean —%7,7ko igoera—, eta bereziki ostalaritzan. Hala izan zen uztailean. Ekaineko emaitzekin alderatuta, %39,9 hazi zen. Baina negozio zifrak oso urrun daude, aurreko urteetako epe berekoen aldean.

Emaitzok, halaber, eragin zuzena dute sektoreko enpleguetan. Zerbitzuenean, oro har, %7,5 egin du behera. Ostalaritzan ari zirenek nabaritu dute gehien: iazko uztailean zeuden lanpostuen %19,8 galdu dira: urtea hasi zenetik, iaz zeudenen %10,3 ez dira berreskuratu. Merkataritzan apalagoa da kolpea: %3,4 behargin gutxiago ditu sektoreak, iazko uztaileko datuekin alderatuta, eta %2,4 gutxiago urtea hasi zenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.