Zahar etxeetako bisitak eta egoiliarren ateraldiak, malguago

Zaharren egoitzetarako protokolo berria onartu du Jaurlaritzak. Zabaldu eginen dira zahar etxeetara bisitak egiteko aukerak, eta egoiliarrek malgutasun handiagoa izanen dute ateraldiak egiteko. Osasun sailburuak azaldu duenez, “ikuspegi epidemiologikoa eta etikoa” hartu dira kontuan neurriak berrikusteko.

Familia batzuk kanpoaldetik egoiliarrak bisitatzen, Mutiloako zahar etxe batean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 22a
13:31
Entzun

Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko zahar etxeetan indarrean izanen den protokolo berria onartu du Eusko Jaurlaritzak. Pandemiari aurre egiteko hartu beharreko neurriak biltzen ditu dokumentuak. Miren Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eman ditu protokoloaren inguruko azalpenak, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Haren lehen agerraldia izan da sailburu izendatu zutenetik. Hizketaldian adierazi du protokolo berria “aurrerapauso handia” izanen dela egoiliarren egoera hobetze aldera. Erantsi du premiazkotzat jo dutela neurriak berrikusi eta gaurkotzea; izan ere, haren arabera, itxialdian ezarritako neurriak “oso mingarriak” izan dira egoiliarrentzat eta familientzat, bisitak eta ateraldiak egiteko oztopoen ondorioz.

Sailburuak azaldu duenez, protokoloaren berrikuspena egiteko elkarlanean aritu dira Osasun Saila eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila. Era berean, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek ere parte hartu dute gaurkotze prozesuan. Argitu du hain zuzen ere aldundiei dagokiela, onartu berri den protokoloa aintzat harturik, zahar etxeetan hartuko diren neurriak zein izanen diren erabakitzea eta irizpideak zehaztea, “haiek baitituzte egoitzen gaineko eskumenak”.

Egoiliarren ongizatea bermatzea da protokolo berriaren asmoa, Sagarduik adierazi duenez. Azaldu du egoiliarrak “bereziki zaurgarriak” direla COVID-19aren pandemian, baina, era berean, adierazi du “ezinbestekoa” dela haien duintasuna zaintzea, behar diren segurtasun neurriak hartuta.

“Muturreko segurtasuna” eta “nolabaiteko normaltasuna”. Bi elementu horiek uztartzea du helburu Jaurlaritzak onartutako protokolo berriak, sailburuaren esanetan. “Osasuna zaintzea da gure lehentasuna, baina argi dugu ez dagoela osasuntsu egoterik ez bada pertsonaren duintasuna errespetatzen”, azaldu du. Hala eta guztiz ere, sailburuak ez du zehaztu zahar etxeetako neurriak zertan aldatuko diren konkretuki. Azaldu du kasu gehienetan egoiliarren familiek aukera gehiago izanen dituztela beren senideak bisitatzeko, eta egoiliarrek egoitzetatik kanpo egiten ahalko dituzten ateraldietan “malgutasun handiagoa” izanen dutela. Hau da, iraupen luzeagokoak izaten ahalko dira, eta gehiago urruntzen ahalko dira egoitzetatik. Kasu batzuetan, aukera emanen zaie haien etxeetara joateko, bisitan. Betiere, egoiliarren oso hurbileko pertsonek izanen dute bisitetarako eta ateraldietarako eskubidea, eta, ahal den heinean, gomendatu dute espazio irekietan egin daitezela, errazago bermatzeko higiene eta segurtasun neurriak betetzen direla.

“Zuhurtzia”

Sagarduik onartu du ziurgabetasuna “oso handia” dela oraindik ere, pandemiari dagokionez. Adierazi du “bide onetik” ari dela gizartea aurrera egiten, baina “zuhurtzia” galdegin du. “Pandemia honetan ikasi dugu gauzak asko aldatu daitezkeela egun batetik bestera; beraz, zuhurtziaz jokatu behar dugu”, azaldu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.